Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko udaletxeko lankide batek haren senarrarengandik jasaten duen indarkeria salatzeko elkarretaratzea egin zuten Etxarri Aranazko Udalak, udal langileek, udaleko Emakumeen Batzordea eta Etxarriko Bilgune Feministak, aurreko asteazkenean. Azaldu zutenaren arabera, ez da lehenengo aldia emakume horrek senarrarengandik indarkeria jasaten duela, eta "zoritxarrez" ez da Etxarri-Aranatzen indarkeria jasaten duen emakume bakarra. Hortaz, plazan bildu ziren emakumeari babesa emateko eta genero indarkeriaren aurka "borrokatzeko". "2012an bost erailketa izan ziren Euskal Herrian", adierazi zuten Bilgune Feministatik. Genero indarkeria eremu pribatutik publikora pasatu da eta emakumeenganako edozein indarkeria salatu behar dela adierazi zuten. Patriarkatuak sortzen duen egoera da genero indarkeria. Izan ere, gizona nagusitasun egoera batean dagoela pentsatzen du, eta emakumearengan menperatzen du. Emakumeak jasan behar dituen indarkeria motak hamaika direla eta gizartea eraldatu behar dela adierazi zuten. Ehundik gora etxarriar eta udalean ordezkatutako 3 alderdietako ordezkariak izan ziren bilkuran.