Alegria, erretratuak eta gehiago

Guaixe 2013ko urt. 11a, 11:19

Musikari ezagunak eta Afrikako pertsonen irudiak osatzen dute Altsasuko Iortia kultur gunean dagoen erakusketaren muinaPintura adierazpide gisa hartu du Jokin Alegriak, Kalek, dakiena delako. Bere anaia margotzen ibiltzen zen eta hari orduak begira emanez zaletu zen pinturarekin. 60 bat margolanez osatutako erakusketa jarri du Alegriak Altsasun.

Bi serie dira nagusi. Alde batetik, duela 3 urte hasi nintzen musikarien erretratuak daude eta afrikarrenak bestetik. Alegriak musikarien argazkiak Internetetik ateratzen ditu, han saltseatzen ibili ondoren. Gustuko taldeekin hasten da. "Argazkia ondo ikusi behar da, bestela ezin da ongi margotu". Argazki egokia opatu ondoren jartzen da haren margozko kopia egiten.

Musikari zerrenda luzearen erretratuak ondu du Alegriak. Eta buruan egiteko pilo bat ditu. Orain hemengo jendearekin hasi da: Bocanada, Kutxi Romero, Loquillo, El Drogas, Aurora Beltran... "neskek esaten dute neska gutxi daudela. Hasieran ez zegoen ezta bat. Aurorarekin hasi naiz eta segituko dut".Lakuntzarrak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, "duela 3 urte, musikariekin hasi nintzenean pastela erabiltzen hasi nintzen. Ez nuen inoiz probatu eta nahiko ongi atera ziren. Olioz eginda dauden handiago batzuk ezik, musikari gehienak pastelez eginak daude".

Afrika
Kontinente horretara bisita bat egitea ere bada Iortiako erakusketa gelatik pasatzea. Makina bat pertsonen erretratuak daude ikusgai. Afrikarrak zergatik? "Halako jendea, halako begiradak, nire barruan zerbait sortzen dute. Halako jendeak sufrimendu handia du eta begiradetan ikusten da. Batzuk negarrez, gehienak tristeak dira". Koloreekin gustura gelditzen da margotzean. Olioa erabili du Afrikako seriea margotzeko. "Indar gehiago ateratzen da". Afrikari buruzko liburuetako argazkiak izan dira koadroen abiapuntua.

Erretratuak egitea asko gustatzen zaiola esan digu Alegriak. "Zaila da, baina gustura nabil eta segituko dut. Erretratuekin oso-oso perfekzionista izan behar zara, bodegoiekin gustura ibiltzen naiz, pixka bat deskonektatzeko balio du". Bodegoiak eta paisaiak ere ikusgai daude hilaren 19ra arte. Lakuntza eta Iruñean bere lanak erakutsi ondoren Altsasun dago erakusten. "Pixkanaka ia jendeak ezagutzen duen Jokin, Kale, halako gauzak egiten ari dela". Enkarguak ere egin izan ditu, ezagunendako. "Argazkia ekartzen didate eta denbora badut egiten ditut". Modeloarekin ere egon da, "gustura asko ikasten da horrela".

Graffitti
Alegriak marraztutako musikariak ez daude koadroetan bakar-bakarrik, Lakuntzako paretetan makina bat graffitti margotu ditu musikariekin. "Orain nahiko utzia dut graffittia". Pintzelarekin, etxean, orain ordu bat, bihar beste bat... hala ibiltzen da lakuntzarra. "Baina sprayarekin hasten zarenean motxilarekin edonora joan behar duzu, han hiruzpalau ordu egon,... Gustura ibili nintzen". Segitzeko asmoa du, baina aitatasun mustu berriak ez dio tarte handirik uzten. "Etxean lasai-lasai margotzea gehien gustatzen zaiona dela aitortu digu.