Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuaren eta Gobernu Ordezkaritzaren artean sinatutako protokoloari segituz, Foruzaingoak babestuta, gaur gauean bi langilek hainbat pintada ezabatu dituzte. 1.000 euroko kostua izan du, gobernuak jakinarazi duenez. Guardia Civilak egindako txostenean oinarrituta Arbizuko Udalari 3 pintada kentzeko eskatu zioten: batetik, elizan dagoen ETAren anagramaren murala; bestetik, haur parke bateko txirristan dagoen Gora Segi pintada eta, azkenik, etxola batean dagoen ETAri buruzko pintada eta aldamenean duen Alde Hemendik eta tatxatutako trikornioa.Etxarri Aranazko Udalari bi eskaera egin zizkioten. Batetik, Eraga etorbidean dagoen murala kentzeko. Hartan Juan Ignazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Garziandia eta Josu Zabala Salegi hildako ETAko kideen irudia agertzen ziren, Eduardo Chillidak egindako Amnistiaren logotipoa eta sugea eta aizkora. Horrekin batera, udaletxean dagoen Bautista etxia dioen pintada borratzeko eskatu zioten eta hura udalak kendu zuen.ProtokoloaBi erakundeek sinatutako protokoloaren helburua da "Nafarroako zenbait udalerritan dauden terrorismoa goretsi edo txalotzen duten pintadak kentzea, udal horietan pintada horiek garbitzeari uko egiten diotenean". Protokoloak zehazten duenez, Guardia Zibilak txosten bat egiten du pintaden berri emanez. Ondoren, ordezkaritzak haiek garbitzea eskatzen die udalei haien eskumena baita eta hilabeteko epean egiten ez badute Nafarroako Gobernuak kontratatutako enpresa bateko langileek, Foruzainen laguntzarekin, pintadak kenduko dituzte. Udalek ordaintzen ez badute Toki Ogasunen Partaidetzako Fondoko transferentzietatik kenduko zaie dirua.