Irujo-Zabaletak irabazi eta Gonzalez-Zubietak galdu

Guaixe 2013ko urtarrilaren 14a

Binakako Pilota Txapelketako laugarren jardunaldiak emozioa ekarri du txapelketara. Tamalez, Gonzalezek eta Aitor Zubietak ezin izan zituzten Titin eta Merino irabazi. 22-20 gailendu ziren errioxarrak. Gonzalez eta Zubieta ongi hasi ziren, Titin ekidinez eta Merino kargatuz. Zubieta Merino baino hobe zebilen atzean eta Gonzalezek ere aurrean min egin zuen, 4-10 aurreratuz. Baina Titin jokoan sartu zenean dena aldatu zen. Errematatzen hasi zen eta Gonzalez tokiz kanpo uzten. Horren aurrean Zubieta Gonzalezi pilota kentzen hasi zen, baina ez zuen gehiegi asmatu. Gainera, egoera hori probestu zuen Merinok, atzealdean nagusitzeko. Horrela, markagailuan 14-11 aurreratu ziren errioxarrak. 14ra berdintzea lortu zuten Gonzalezek eta Zubietak, baina 21-16 aurreratu ziren errioxarrak eta nahiz eta markagailuan 20ra gerturatu, bukaeran 22-20 irabazi zuten Titinek eta Merinok, txapelketako 2. Puntua lortuz. Gonzalezek eta Zubietak puntu batekin jarraitzen dute. Bestalde, Irujok eta Jose Jabier Zabaleta etxarrendarrak 10-22 irabazi zieten Berasaluze VIII.ari eta Albisuri larunbatean Labriten jokatutako partidan, txapelketako euren hirugarren puntua lortuz. Garaipen erosoa lortu zuten nafarrek, partida guztian barna argi dominatu ondoren. Zabaletak bikain jokatu zuen, Albisu dominatuz. Partidako onena izan zen etxarrendarra, eta aurreko partidetan izandako nerbioak apenas nabaritu zitzaizkion. Eta Irujok ez zuen barkatu aurreko koadroetan. "Partida ona egin duzu eta kontentu gaude lau partidetan hiru garaipen lortu ditugulako" zioen Zabaletak partida bukaeran. 5. jardunaldia:Olaizola II.a-Zabala / Irujo-Zabaleta (larunbatean, 17:00etan, Bilbon. Nitrok)Berasaluze VIII.a-Albisu / Gonzalez-Zubieta (ostiralean, 17:00etan Mungian. ETB1)