Sakanan ipar eski ikastaroa eta zeharkaldia antolatuko dituzte

Guaixe 2013ko urtarrilaren 15a

Sakana toki ederra da ipar eskia egiteko, Urbasa, Andia eta Aralar natur guneak bertan ditugulako. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak ipar eski zeharkaldia antolatzen du urtero, elur baldintzak egokiak direnean. Eta aurten ere asmo hori dauka. Horretaz gain, ipar eski ikastaro bat antolatu nahi du kirol zerbitzuak, inoiz ipar eskia egin ez dutenek ikasteko aukera izan dezaten. Kontua da ezin dela ziurtatu noiz izango den ikastaroa, ezin baita jakin elurraren egoera nolakoa izanen den. Baina ilbeltza, otsaila edo martxoko igande goiz batean litzateke, elurraren arabera. Interesatuen izenak jasoAipatu jarduera hauen propaganda denbora askorekin ezin denez egin, kirol zerbitzuak deia egin du ipar eski zeharkaldietan edo ipar eski ikastaroan interesa dutenek Mankomunitatera deitu (kirol zerbitzua: 948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com) eta izena eman dezatela, inolako konpromisorik gabe. "Horrela, zeharkaldi edo ikastaroen data zehazten dugunean izena eman dutenek informazio zuzena jasoko lukete, eta azkar" adierazi du Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Eski materialaren inguruan kirol zerbitzuak eski materiala izan eta erabiltzen ez dutenei dei egin die materiala Mankomunitatera eman dezatela, materiala ez dutenek eskian murgiltzeko aukera izan dezaten