25 egun gose greban, Marin sendo

Guaixe 2013ko urtarrilaren 10a

Abenduaren 17az geroztik Portland-eko sarrerako zubian gose greba egiten ari da Epifanio Marin. Osasunez baino animuz sendo dago Marin. "Konbentzituta nago. Egin didatena ez du izenik eta aurrera egiteko indarra ematen dit". Cementos Portland Valderrivas (CPV) talderako Madrilen sinatutako enplegu erregulazio espedientearen ondorioz zuzendaritzak Marin palista lanetik garbiketa lanetako 3. mailako ofizial postua izatera pasarazi nahi izan zuen, %40ko soldata jaitsierarekin. Horren kontra protesta egiteko hasi zuen gose greba Marinek, bere lanpostua berreskuratzeko edo lantegitik irteera duina lortzeko. Izan ere, Marin porlandegian egon den 43 urteetatik 23tan langileen ordezkari izan da ELA sindikatuarekin eta enpresak orain hartu duen erabakiaren atzean mendekua ikusi du. Marinen egoera berean daude sindikatu bereko 3 langile gehiago eta LABeko bat. ELAko kideak alferrik saiatu dira zuzendaritzarekin harremanetan jartzen. Enpresa batzordean dauden sindikatuko hiru kideak ere 4 egunez Marinekin batera baraualdia egin zuten, elkartasunez. Enpresa batzordeak adierazpenik ez du egin. Bitartean kaleratzearen inguruko auzibideak aurrera segitzen du. Heldu den ostegunean Marin eta enpresa epaitegian bilduko dira, adiskidantza ekitaldian. Orduan akordioa lortzen ez badute epaiketa izanen da. 358 babesInternet bidez Marini babesa azaltzeko kanpaina abiarazi duten haren alabek eta sinadura kopuru hori lortu dute. Olatzagutiko porlandegiko giza baliabideen zuzendariari zuzendutako gutunean eskatzen da hartutako erabakia berriro aztertzea: "orain arteko baldintzetan bere lanpostuan hartzea edo kaleratze baldintza duinak negoziatzea".Bitartean, egunero senide, lagun eta elkartasuna adierazi nahi dioten makina bat jenderen bisita jaso du Marinek. Gose greba eramangarriago egiteko lagunek eta lankideek autokarabana bat lortu dute harendako eta han jarraitzen du, bere ideietan tinko.