Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak toki argitalpenen irakurleak aztertzeko bosgarren txostena argitaratu du. CIES enpresak inkesta bidez egin du ikerlana. Ikerketak dio 14 urtetik gorako nafarren %50,4k tokiko argitalpenak irakurtzen dituela. Nafarroan 31 argitalpen egiten dira: zazpi astekari, Guaixe barne; hiru hamaboskari; hamabost hilabetekari, eta sei maiztasun ezberdineko argitalpenak. Hiru argitalpen desagertu dira Nafarroan 2012. urtean. Ikerketaren arabera 73.000 nafarrek irakurtzen dituzte astekariak (biztanleriaren %13,3). 2011ko datuak konparatuz gero 12.000 pertsonek (biztanleriaren %15,5) utzi diote astekariak irakurtzeari. Hilabetekarien irakurleen kopurua 142.000 da (biztanleriaren %25,9). Hamaboskariak 53.000 pertsonek irakurtzen dituzte; eta maiztasun ezberdineko argitalpenak 104.000 pertsonek irakurtzen dituzte. Nafarrek tokiko argitalpen bat baino gehiago irakurtzen dutela egiaztatu dute. Euskaraz idazten den lehenengo aldizkari irakurriena da Guaixe, baita bakarra ere. Ikerketak dio 14.000 irakurle dituela. Nafarroan egindako astekari irakurriena Plaza Nueva Tuterako aldizkaria da 19.000 irakurlerekin. Laugarren lekuan Guaixe dago. 2011ko datuekin konparatuz, nahiz eta astekarien irakurleen kopurua jaitsi den, Sakanako astekariaren irakurleak mantendu dira.