Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilabeteko epea eman zien Espainiako Gobernu Ordezkaritzak Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalei "terrorismoari goraipamena eta gorazarre egiten dioten pintadak, kartelak edo pankartak" kentzeko, "haiek erakutsiz biktimak mespretxatzen eta makurrarazten baitira". Epea pasatuta, Guardia Civilaren txosten batean oinarrituta, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik adierazi dute pintadak kendu ez direnez, Nafarroako Gobernuari jakinarazi diola, hark pintadak kendu eta gero gastua udalei kobratzeko. Aipatu txostenaren arabera, Arbizun 3 pintada kendu gabe daude. Udalak haiek dauden jabeei eskakizunaren berri eman die idatziz. Etxarri Aranatzen, berriz, udaletxekoa kendu bada ere, errotonda ondoko murala kentzea falta dela dio. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatu duten lankidetza protokoloa indarrean jarri denetik Sakanako hirugarren udal bati ere eskatu diote halako pintadak kentzea: Iturmendikoari, edukiontzi hori batean dagoen bat.