Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den urteko agorrilean utzi zioten lanera joateari Inasako 168 langileek. 56 urteren ondoren lantegiak ekoizteari utzi zion, Bavaria Industrial Kapital AG arrisku-kapital enpresa alemaniarrak eta Santiago Gonzalez Berganzones hala erabakita. Haien eskubideak defendatzeko plataforma sortu dute Inasako langile ohiek. Hiru helburu dituzte. Lehen-lehenik lantegia desegitea eragotzi nahi dute. Oso zail ikusten dute berriro zabaltzea, baina makinek barruan jarraitzen duten bitartean beti aukera izanen da. Alfonso Torresek eta Fernando Carrionek esan digutenez, kooperatiba bat ez da bideragarria. Bazkideren bat beharko litzateke, edo enpresa hartuko lukeen inbertsiogileren bat. Hori gertatuko balitz, ANELek (Asociación Navarra de Enpresas Laborales) merkatu ikerketa sakona eginen luke. Dagoeneko atzeman dute bezero batzuk ez daudela pozik, eta merkatua dagoenaren pertzepzioa dute. AuzibideaPlataformaren bigarren helburua da Inasaren itxieraren errudunen kontra jotzea. Torresek adierazi digunez, langile ohiek "ardurak" eskatuko dituzte, haien iritziz "Inasak ez baitu krisiak itxi, Baikap-en espekulazioak baizik". Horregatik, langileek notario aurrean abokatu batzuei boterea emanen diete haiek ordezkatu eta auzibideak jorra ditzaten. Pentsio plana defendatzeko helburuz ere ariko dira langileak, Carrionek azaldu digunez. Inasakoa 3 urtero balioa handitzen da. Langile guztiei eragiten die, baita aurretik atera zirenei ere. Izan ere, Baikap enpresaren asmoa da diru kopuru bat ordaintzea eta langileak pentsio planaz ahaztaraztea. Inasako langileek, gainera, kaleratze kalte-ordaina ordainketa bakarrean jasotzeko Gonzalezen xantai bati men egin behar izan zioten: pentsio planaren osagarriaren inguruko salaketarik ez jartzea. Osagarri hori 65 urte baino lehen jubilatutakoei ere zegokiela ebatzi zuen epaile batek eta horren kontra jo zuen zuzendariak. LehiaketaEnpresa gaur egun hartzekodunen lehiaketan dago eta otsaila erdialdean haren inguruan zerbait jakitea espero dute langileek. Haiek lehiaketan hartzekodun gisa aurkeztuko dira. Enpresa desegiteko enkantea egonen da. Inork eskaintzarik ez egitea eta likidazio prozesuan, Baikap-en eskutatik kanpo, lantegia martxan jartzeko interesa duen inor agertzea da jarduera mantentzeko aukera bakarretakoa.