Angoulêmeko komiki sarituak

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Ilbeltza iritsita, Angoulemen jartzen dugu begirada komikizaleok. Bertan hilabete akaberan Europako komiki topagune garrantzitsuena izaten da ilbeltzeko azkeneko asteburuan. Aurten ezin joan, baina hala ere aurreko urteko Angoulemeko topagunean saritutako komiki biri buruz arituko naiz.Lehena Ulli Lust egilearen "Este es el ultimo dia del resto de tu vida" izeneko komikia da. Egile berriendako saria irabazi zuen 2011. urtean. Komikian 80. hamarkadan egileak 16 eta 17 urte zituelarik egindako bidaia deskribatzen du, bere herrialde Austriatik Italiako hiri ezberdinetara.Ulli Lust herri txiki batetik Vienara alde egin zuen bizimodu punk basati baten bila. Bertan Eli ezagutu eta batera pasaporterik gabe Italiara bidaiatzea pentsatzen dute. Kalean lo eginez, jende bitxia ezagutuz, biziaren alde basatiena eta goxoena dastatuz, esperientzia ugari deskribatzen du liburuan, yonki, droga eta Palermoko mafiarekin izandako harremanak barne.Nahiz eta egileak urteak eman diseinuan eta bestelako arte grafikoetako arlotan, ez dut gehiegi atsegin erabiltzen duen marrazki inprobisatua. Binetak arkatzez eta boligrafoz eta txuri beltz zikinez egindako zirriborroak ematen dute. Bestalde egia da erraz irakurtzen dela eta nola bukatzen den jakin nahian berehala irakurtzen direla dituen orrialde mordoa. Hala ere, nerabeen joera alproja dela eta, bere 16 urteetan egindako erokeriak askotan sinestezinak ematen dute eta sortutako zenbait arazo umekeriak bultzatuta ematen dute."5000 km por segundo" lanak, bestalde, sari nagusia irabazi zuen, lanik onenaren saria hain zuzen ere. Akuarelaz egindako marrazki polit eta koloretsuak guztiz ezberdin ikusten dira aurrekoaren ondoan. Bertan hiru pertsonen inguruko erlazioa deskribatzen da denboran zehar. Italiako bi mutil, nerabe eta txoroak, auzokide berri bat ezagutzen dute, neska ederra benetan. Ez da sortzen inolako hirukote moduko erlaziorik, baina bai sinisteko erraza den erlazio zaila neska eta mutil hauetako baten artean. Batez ere bi mutilen arteko harreman estua galtzen den heinean, sortzen diren eztabaidak eta ezinegonak oso ondo deskribatuta daudela iruditzen zait. Hala ere liburua ez da gazteen bizian bakarrik, baizik eta urte batzuk pasa ondoren, jada hirurak helduak direla eta bakoitzak, bere aldetik, beren bizitza egin ondoren munduko herrialde ezberdinetan, beren topaketa ere deskribatzen du. Topaketa hauetan (gazteetan bikotea izandako bietan batez ere) oraindik ere hasieratik izandako sentimenduak, jeloskorrak, ezinegonak eta segurtasun ezak hor daudela antzematen da. Sinplea baina argia eta zuzena da lan hau, koloretan zoragarria non sentimenduak, geografia eta klima ezberdinak (protagonisten bidaietan) deskribatzen diren akuarelen bitartez irakurlea ia konturatu gabe. Istorioak erakartzen ez bazaitu ere soilik marrazkiengatik pena merezi duen komikia da.Jose Luis AsensioMyaku.fanzine@gmail.com www.fanzinemyaku.blogspot.com