Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 16rako Altsasun protesta manifestazioa deitu eta hartan parte hartzeko deia luzatu dute3 Mugak Batera (3MB) plataformako kideen iritziz, "UPNren Nafarroako Gobernuak ez du, errausketa alde batera utzi eta beste eredu batzuk aukeratzeko eskatzen dion gizartea aditu nahi". Gaur Iruñean eman duten prentsaurrekoan salatu dute Nafarroan hondakin kudeaketaren gaian orain arte agindu duen arrazionaltasuna baztertu duela UPNk. Plataformaren iritziz UPNren gobernuak "errazera jo du, labeak hondakinak balioztatzeko inposatuz. Kasu honetan FCC hondakinen multinazionalak Olaztin dituen labeak hondakinak errausteko erabiliz". 3MBtik zuhurtasuna eskatu diote foru administrazioari. "Errauskailuetako edo porlandegi-errauskailuetako labeak baztertzen dituzten beste hondakin kudeaketa eredu batzuk (badirelako) bilatzeko, eta aurkitzeko, eskatzen dugu". Gainera, plataformak "guztiongan eragin handia duen gai" horretan "gutxienekoa herritarren benetako partehartzea ziurtatuko duen epea irekitzea" litzatekeela nabarmendu du. Eta ez "izapide administratibo huts baten bidez" bideratzea. Aldi berean, 3MBk salatu du gobernuaren erabakiak "Nafarroako hondakinen kudeaketa publikoan instalazio eta jarduera pribatua txertatzeko ekimena" dela. Argudio gehiagoErrausketaren kontrako plataformak gogora ekarri du aldarri horrekin bat egin duten 10.000 pertsonen sinadurak jaso dituztela. Sakanako, Nafarroako eta Arabako hainbat udal errausketaren kontra ere azaldu direla nabarmendu du. "Baina gobernuari bost axola zaizkio horiek eta azken ikerketek berretsi dutena: hondakinak errausten dituzten plantetatik hurbil bizitzeak minbizia jasateko probabilitatea areagotzen duela, milaka mediku eta zientzialarik aspalditik ohartarazten ari direna bestalde".Ingurumenean (natur parkeak, akuiferoak), herrietan, biztanleriaren baliabideetan, garapen ereduetan eta osasunean errausteak duen eragin kaltegarriaz gaztigatu dute plataformako kideek. Horrekin batera, Olatzagutiko Udalaren ordenantza saihesteko trikimailua (UGPS) salatu dute. Aldi berean, nabarmendu dute hondakinak birziklatzeak eta konpost egiteak errausketak baino lanpostu gehiago sortzen dituela. "FCCren proiektu hau martxan jartzeak ekarriko lituzkeen kalte larriez herritarrak konturatzea nahiko genuke".