Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandeaz geroztik gurean dira Bretainiako Gingamp herriko 28 ikasle eta 2 irakasle. Bigarren urtez jarraian Aralarko Mikel Doneako frantses ikasleek Bretainiako ikasleekin trukea egin dute. Haiek aste honetan gaztelania praktikatuko dute. Igande goizean bueltatuko dira etxera, baina bitartean Altsasuko institutua ezagutu, alkatearen harrera, herri kirolak, txalaparta, dantza eta euskara tailerrak, Iruñera eta Bilbora bisitak, eskalada... Egitaraua aurrera eramateko hainbat irakasleren inplikazioa ezinbestekoa izan da. Apirilean bueltatuko diete bisita sakandarrek eta orduan frantsesa praktikatzeko aukera izanen dute. Bitartean ikasleek teknologia berrien bidez harremana mantenduko dute. Gainera, klaseetan egindako lanak ere elkar trukatuko dituzte. EraginkorraInstitutuko frantses mintegiko arduradun Batirtze Cabellok azaldu digunez pasa den urteko esperientzia "oso-oso positiboa" izan zen. Ikasle eta irakasleek egindako balorazioa "oso baikorra" izan zen eta horregatik errepikatu da esperientzia. Aurreko urtean trukean parte hartu zuten 9 ikaslek parte hartzen dute, "oso seinale ona". Cabellok aitortu digu pasa den urteko trukearen ondoren klasean ere aldaketa "izugarria" nabaritu zuela. "Aurretik irakasleari frantsesez aritzea zaila izaten da, baina bueltan askoz gehiago saiatzen ziren frantsesez". Halako proiektuek ikasleei "motibazio oso handia" ekartzen diela azaldu digu irakasleak: "praktikotasuna ikusten diote hizkuntza ikasteari. Bretainian ikusten dutenean gai direla elkarrizketa xumeak ulertzeko, oso positiboa da". DBHko 3. mailako ikasleei zuzendutako eskaintza da berez. "Kontua da ikasle kopurua ez dela oso handia eta taldea osatzeko beste ikasturteetako ikasleak ere hartu ditugu". Hala DBH 2.ko 6 ikasle, DBH 3.ko 13 eta DBH 4.ko 9 ikasle parte hartzen ari dira elkar trukaketan. Bretainiarrak Lakuntzako, Etxarri Aranazko, Urdiaingo eta Altsasuko familiek hartu dituzte.