Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanara etorri berri direnak euskara eta euskal kulturarekin topo egiten dute. Haiek arrotz ez izateko eta lehen harreman bat izateko antolatu ditu harrera ikastaroak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Helburua bikoitza da: etorkinek komunikazioaren oinarrizko elementuen ahozko eta idatzizko ulermena garatzea batetik. Eta, bestetik, Sakana eta euskal gizartea hobe ezagutzea. Azaro akaberan hasi ziren Lakuntza eta Altsasuko ikastaroak eta otsailaren 22an despedituko dira. 60 ordu guztira. Bi herrietako eskoletako hartu-emanaren fruitu dira bi ikastaroak. Lakuntzan Afrika iparraldeko eta Hego Amerikako sakandar berriak daude ikastaroan. Altsasun, berriz, Zelandi guraso elkartearen ekimenez sortu da taldea. Izan ere, Madrildik Olaberriako Arcelor Mittalen lantegira lanera etorritako langile asko Altsasun bizi baitira. Haiekin batera, Europako herrialdeetako altsasuar berriak ere ari dira. Hala ere, taldeak osatzeko Mank-ek beste herrietara ere zabaldu zuen eskaintza eta horrela osatu dira taldeak. ZergatiaIzena emateko arrazoiei dagokienez, Maitane Aiestaran irakasleak azaldu digu seme-alabak D ereduan ikasten dituztela eta haurrak laguntzeko gogoagatik eman dutela. Horretaz aparte, hemengo giroa ezagutzeko helburua ere badute. Gainera, haietako batzuk jende euskalduna ere ezagutzen dute eta horrek ere zeresana izan du. Harrera ikastaroa despeditu ondoren, euskara ikasteko dagoen eskaintzaren eta laguntzen berri emanen die Euskara Zerbitzuak ikasleei. Gaur egun AEKn ikasten ari den talde bat horrela sortu zen.