Zubietak eta Gonzalezek zorte txarra eta Irujok eta Zabaletak estrategia ona

Guaixe 2013ko urtarrilaren 21a

6. jardunaldiaIrujo-Zabaleta / Arretxe II.a-Begino (larunbatean, 17:00etan, Iruñeko Labriten)Olaizola II.a-Zabala / Gonzalez-Zubieta (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)Binakako Pilota Txapelketako 5. Jardunaldia ikusgarria izan da oso. Pilotari sakandarren kasuan jardunaldi gazi-gozoa izan da. Ostiralean, Mungian, Berasaluze VIII.ak eta Albisuk txapelketako euren lehendabiziko puntua lortu zuten Gonzalezi eta Aitor Zubietari 22-16 irabazi ondoren. Jokoa atzeko koadroetan hasi zen, baina lehen koadrotara hedatu zen berehala, eta Asegarceko bikoak tarte polita atera zuen. Horretan asko lagundu zuen Sebastien Gonzalezen egoerak: lapurtarrak ez zuen digestio onik egin eta partida erdian aldageletara erretiratu behar izan zen, botatzera. Beste bitan ere aldageletara atera behar izan zuen eta partida guztian barna ez zuen gorputzaldi ona izan. Dena den, zerbait animatu eta 13-8 galtzetik 14-15era hurbildu ziren Gonzalez eta Zubieta, baina euren susperraldiak ez zuen gehiegi iraun. Berasaluzek tartea zabaltzea lortu zuen bere onean ez zegoen arerioaren aurrean, eta, horrela, 22-16 irabazi zuten Asegarcekoek. Aitor Zubieta ongi aritu zen, serio eta txukun, sekulako pilotak eramanez, baina aurrean ez zuen laguntza handirik izan eta hor joan zitzaien partida.  Zabaleta sendoaBestetik, Aimar Olaizolak esana zuen Jose Javier Zabaleta txapelketan gehien nabarmentzen ari den pilotaria dela, gehien jotzen duen pilotaria delako, eta larunbatean ere modu ikusgarrian astindu zuen pilota Etxarrengoak. Irujorekin bikoa osatuta Aimar Olaizola eta Ibai Zabala izan zituzten aurkari, eta indarrean eta Olaizola ekiditeko pilotakadak atzera emanez oinarritu zuten garaipena Irujok eta Zabaletak, tantoz tanto eta pilotakadaz pilotakada 16-22 gailenduz. Hala ere, hasieran Asegarcekoak izan ziren aurreratu zirenak, 12-8ko aldea lortuta. Zabaletak errestoan ez zuen asmatu. Baina orduan hasi ziren asmatzen Irujo eta Zabaleta, 5 tantoko partziala lortuz. Hasieran Zabalak ongi erantzun zion Irujoren eta Zabaletaren pilotakada gogorrei, baina azkenean ezin izan zuen. Irujo eta Zabaleta, biak aritu ziren bikain. Olaizola ia ezin izan zen jokoan sartu, eta pilota bere gainetik nola pasatzen zen ikusi behar izan zuen behin eta berriz. Atzeko koadroetan partida hasieran Zabala akaso Zabaleta baina hobe aritu zen, baina partida aurrera joan ahala etxarrendarra gailendu zen. Zabalak hasiera batean ongi erantzun zion eraso gogorrari, baina bukaeran indarrak agortu zitzaizkion eta hainbat huts egin zituen. PuntuakTxapelketako 5 jardunaldi jokatuta, Bengoetxea-Beroizek 5 puntu dituzte, Irujo-Zabaletak 4, Xala-Barriolak eta Titin-Merinok 3, Olaizola-Zabalak 2, eta Gonzalez-Zubietak, Berasaluze-Albisuk eta Arrege II.a-Beginok 1. Asteburuan 6. jardunaldia dago jokoan. Irujok eta Zabaletak Iker Arretxe eta Begino izango dituzte aurkari, eta Gonzalezek eta Zubietak Olaizola II.a eta Ibai Zabala. Denek behar dute irabazi baina Gonzalez eta Zubieta puntuen premian daude. Dena den, zaila izango dute, Olaizolak eta Zabalak soilik 2 puntu dituztelako eta premian daudelako. Emozioz betetako beste jardunaldi bat.