Birziklatu, dudarik gabe

Guaixe 2013ko urtarrilaren 25a

Sakanan ere birziklatzeari baiezkoa emango diogu hurrengo hilabeteotan, modu horretan errausketari atea itxiz. Hori da titular nagusia, nahiz eta horren atzean egongo diren beste irakurketa batzuk, ziurrenik Gipuzkoan erraustegia nahi duten berdinen eskutik.Ez da negozio makala: herriek ordaindu behar dute euren zaborra errausteagatik. Zaborra jasotzen duenak, erosi beharrean, kobratu egiten du berau "desagerrarazteagatik". Ondoren erretzen du, horretarako diru publikoarekin egindako makinaria oso bat jartzen du martxan. Azkenik bi gauza lortzen ditu: kutsadura handitzea, guztion poltsikotik ordainduko ditugun osasun arazoak sortuz; eta elektrizitatea saltzea, bere poltsikoak betez. Negozio borobila, ez balitz ematen duen ereduarengatik.Errausketa txarra da, eta horretan ez dago eztabaida gehiegi egiterik. Errausketak kutsadura eragiteaz gain beste ideia bat ematen du: ez da beharrezkoa birziklatzea, erretzearekin dena konpontzen delako. Eredu okerra eta ondorio okerragoak.Baina, zorionez, badira bestelako alternatibak. Mundu osoan zehar ari dira egiten, eta Euskal Herrian ez gara atzean geratuko. Katalunian, Italiako hainbat herri eta hiritan, Europan zehar, San Frantziskon... birziklatze maila altuak lortzen dituzten ereduak daude. Gehienetan birziklatzeko derrigortasuna ezartzen da. Tamalez derrigortzen gaituztenean bakarrik egiten ditugu gauzak hobe. Baina behin ohitura hartuta, onurak berehalakoak dira.Sakanan ere hondakinak modu bereizian bilduko ditugu. Lanpostuak sortuko dira, osasuna hobetuko da, gutxiago kontsumituko dugu... zaila da honen aurka egotea, baina, tamalez, badira aurka daudenak. Erosotasuna jartzen da aitzakia gisa, eta ez zaie arrazoirik falta: kotxean gerrikoa jartzea, musika gaueko 5etan jo ezin izatea edo ospitalean erretzeko kalera atera behar izatea ere guztion hobe beharrez jarritako arauak dira. Ados edo kontra egon gaitezke, aldaketak zailak izaten dira, baina laster ikusten dugu erabakia ona izan dela. Hondakinekin antzekoa gertatuko zaigulakoan nago: hilabete batzuen buruan erraza eta garbia dela ikusten dugunean, %75etik gora birziklatzeko gai garela ikusten dugunean... orduan bai, orduan konturatuko gara aldaketak merezi duela.Ez badidazue sinesten, Interneten ere badira lotura batzuk gaiari buruz:http://www.argia.com/blogak/zero-zabor/ http://ondoegiteragoaz.info/ http://eu.wikipedia.org/wiki/Atez_ateko_zabor_bilketa http://www.hernaniatezate.net/ http://www.raccoltaportaaporta.it/servizio-porta-a-porta/utenze-domestiche.html  Galder Gonzalez Larrañaga