Sakana, Lautada, Goierri eta Lizarraldeko iritzi politiko ezberdinetako hautetsien ordezkaritza batek (30 bat) gaur 20:30ean itxialdia hasiko du Olatzagutiko udaletxean. Protesta horrekin "Nafarroako Gobernuak herenegun udalen autonomiaren aurka hartutako erabakia" salatu nahi dute. Zehazki "Portlandi onartutako Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala (UGPS)". Hautetsi talde horren iritziz "ezohikoa beharko lukeen formula hori, geroz eta ohikoago bihurtzen ari da, gutxiengotik gobernatzen duen Nafarroako Gobernuaren aldetik". UGPSk gobernuari Olatzagutiko udal arautegiaren gainetik irizpideak inposatzeko bidea ematen diola salatuko dute. Interes orokorraren izenean gobernuak UGPS onartzea "larritzat" jo dute hautetsiek, "enpresa pribatu baten interes ekonomikoak babesten baititu". Azkenik, itxialdia parte hartuko duten hautetsiek herritarrei mobilizatzera eta antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete. Biharko kontzentrazioan parte hartzera deitu duten hautetsien artean Sakanan dauden alderdi guztietako kideak zeuden, UPNkoak eta PPkoak izan ezik. Besteak beste agerraldian izan dira IUko Arturo Carreño, Geroa Baiko Unai Hualde, Aralarreko Txiki Iriarte, Bilduko Gurutze Rodriguez, Urdiaingoak Elkarturik talde independenteko Jose Mari Otxoarrarte eta PSNko Miguel Angel Solis. Alderdi eta koalizio horietako hainbat herrietako ordezkariak ere izan dira. HelegiteaOlatzagutiko alkate (Bildu) Gurutze Rodriguezek aurreratu digunez, udalak Nafarroako Gobernuaren Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialari administraziorako auzi-errekurtsoa aurkeztuko diote.Solisen adierazpenakOlatzagutiko zinegotzi sozialistak esan digunez, lanpostuak defendatu eta mantentzearen alde daude bera eta bere udal taldeko Manuela Terrados Illan (ez zuen dimisiorik aurkeztu). Herritar gehienak kontra daudela ere gogora ekarri du. Azaldu duenez abenduan porlandegiko zuzendari eta enpresa batzordearekin bildu zen eta "inpresio onarekin" atera zen bileratik. "Zementua egiten segitzeko, lanean aritzea nahi dugu. Baina gauzak ongi eta garden egin behar dira. Ez gaude formekin ados".Alderdi sozialistak Olatzagutiko bi zinegotziri kaleratzeko espedientea zabaldu zien porlandegian hondakinak erretzearen kontrako botoa eman zutelako.