San Antonen omenezko lau kofradiak asteburuan bilduko dira

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Atzo, ilbeltzak 17, San Anton eguna ospatu zen. Animaliak babesteaz gain San Antonek abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideak babesten ditu. Sakanan abeltzaintzak indarra izan du beti eta, gainera, mandazain ugari izan ziren. Horrek San Antonen kofradiak herrietan sortzea ekarri zuen. Haietako lau gaur egun arte iritsi dira eta asteburuan elkartuko dira kideak. San antondarren bilkura guztietan hildako kofradeen aldeko meza, kontuak eguneratzea, karguak berritzea eta bazkaria izanen dira. San antondar dorrobarrak bihar 9:00etan joanen dira mezara; 12:00etan eginen dute urdiaindarrak eta 13:00etan bakaikuarrek. Iganderako utzi dute bilkura Iturmendiarrek, 11:30ean.