Sakanako kultur aniztasuna kontzertuan bilduta

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Sakanan makina bat kulturetako jendea bizi gara eta musika adierazpen ezberdinak ditugu. Horietako batzuk bilduko dira etzi Munduko Musikak kontzertuan eta horrela ibarrean dugun kultur aniztasuna ezagutzeko aukera izanen da. Abenduan Irurtzunen egindako emanaldiaren ondoren, formatu horretako bigarren kontzertua da Etxarrikoa. Emanaldiak Rafael Amor kantari argentinarraren No me llames extranjero kantua izanen du gidari. Musikaren bidez, elkar ezagutzeko aukera. Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuak antolatu duen kontzertuaren helburua hori da. Eta Irurtzungo musika eskolako ikasleen, Kituka Burundiren, Djembe taldearen, Youssef Kejjiren eta Maider Ansaren emanaldien bidez izanen da horretarako aukera. Musikaz aparte kontzertuan sorpresak ere izanen dira. Hainbat jatorritako musikariek haien hizkuntzan abestu eta ibarrean dugun hizkuntza aniztasuna agerian utziko dute. Sakandar berriak euskararen errealitatera hurbildu eta hizkuntzak Sakanan bizi duen egoeraren aurrean sentsibilizatzeko aukera izan nahi du kontzertuak ere. Haiek ere euskararen alde zerbait egin dezaketela erakusteko, kontzertuko sarrerekin ateratako dirua Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen Bierrik fundazioarendako izanen da.SarrerakLeku Onan, Kaxetan eta Etxarri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren egoitzan eta igandean kultur etxean. 5 euro.