Uholdeak berriro

Guaixe 2013ko urtarrilaren 17a

Euri zaparraden eta elurraren ondorioz, asteartean Burunda eta Arakil ibaiek gainezka egin zuten eta ibai-arrotik atera ziren, inguruko soro, belardi eta lursailak bete-betean hartuz. Ondoko herrietan izan ziren arazo gehienak: Errotzen ibaia atera zen; Irañetan baita ere; Uharte Arakilen Zamartzera eta Aralarrera daraman pista itxita geratu zen, ibaia atera eta errepidea hartu baitzuen; Arruazun ibaia atera zen eta herrian obrak egiten ari direla kontuan hartuta, egoera are gehiago okertu zen; Lizarragabengoan ibaiak gainezka egin zuen; Urdiainen urak gainezka egin zuen zubian, eta zubia zeharkatzea ia ezinezkoa izan zen eta Ziordian ibaia atera zen. Horretaz aparte, gainontzeko herrietan ibai ondoan zeuden lursailetara atera zen ibaia, kalteak sortuz. Eta aipatzekoa da ere Sakanako autobian arretaz ibili behar izan zutela gidariek, ur baltsa potoloak baitzeuden. Gainera, elurraren ondorioz Urbasara, Aralarrera eta Lizarragako portura joateko kateak behar zituzten ibilgailuek. Astebururako euri zaparradak eta elurra ere espero da. Gizona harrapatuta AltsasunAltsasun gizon bat bere autoan harrapatuta geratu zen asteartean. 80 urteko gizona Irubide baratzetara zioan bere todoterrenoan, eta Burunda ibaia atera zenez, harrapatuta geratu zen, ez aurrera ez atzera egin ezin. 15:30ean laguntza eskatu zuen 112ra deituz eta Foruzainak eta Guardia Zibilak bertaratu ziren. Soken laguntzaz autora hurbildu eta gizona atera ahal izan zuten. Altsasuko osasun etxera eraman zuten, hipotermia zantzuekin. Kaltetuei oharraIratxe kontsumitzaileen elkarteak uholdeek kaltetutakoei euren egoeraren berri aseguru etxeei lehenbailehen ematea aholkatu du.