Irujok gaur erabakiko Binakako biharko partida jokatzerik duen hala ez

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Binakako Txapelketako asteburuko 5. jardunaldia:Olaizola II.a-Zabala / Irujo-Zabaleta (larunbatean, 17:00etan, Bilbon. Nitrok)Berasaluze VIII.a-Albisu / Gonzalez-Zubieta (ostiralean, 17:00etan Mungian. ETB1)Asteburuan Binakako Txapelketako 5. jardunaldia dago jokoan. Zabaleta eta Irujok Aimar Olaizola eta Zabala izanen dituzte aurkari bihar Bilboko Bizkaia kiroldegian, baina Irujoren parte-hartzea zalantzan dago, Berasaluze eta Albisuren kontra jokatutako partidatik ezkerreko sorbaldan oinazeak dituelako, sorbaldan kolpea hartu eta gero. Horretarako entrenamendu fuertea egingo du eta behar bezala ez badago ez dela Bizkaiko kantxara aterako nabarmendu du. Gaur hartuko du erabakia. Bestalde, asteazkeneko material aukeraketan Olaizolak Zabaleta goraipatu zuen. "Gehien nabarmentzen ari den pilotaria da, niretako gehien jotzen duen pilotaria delako". Irujok eta Zabaletak 3 puntu dituzte eta Olaizolak eta Zabalak 2, hortaz puntutan aldentzeko aukera aparta dute Irujok eta Zabaletak. Beste lehian, Gonzalezek eta Zubietak Berasaluze VIII.a eta Albisu dituzte arerio, gaur Mungian. Pilota aukeraketan Gonzalez eta Zubieta ez ziren batere konforme azaldu Aspek aurkeztutako materialarekin, eta Asegarcerek aurkeztutako 3 pilota hautatu zituzten. Gonzalez eta Zubieta irabazi beharrean daude, soilik puntu bat dutelako. Binakako Txapelketako 4. Jardunaldia jokatuta, Bengoetxea-Beroizek 4 puntu dituzte, Irujo-Zabaletak eta Xala-Barriolak 3, Olaizola-Zabalak eta Titin-Merinok 2, Gonzalez-Zubietak eta Arretxe-Beginok 1 eta Berasaluze-Albisuk 0.