Sarea zabalduz, Sakana landuz

Guaixe 2013ko urtarrilaren 24a

Sakantzen Sareak ziurrenik maiatzean eginen du III. Lan Jardunaldia. Sareko kideei zuzendutako prestakuntza saioa izanen da. Landuko diren gaietan interesa duten sakandarrei eskainitako saioak ere izanen dira. Halakoa izan zen larunbatean egindako bigarren saioa. Bukatu berritan, lehen balorazio positiboa egin zuen Sakantzen Sareak. 50 bat pertsonek parte hartu zuten. Jon Etxeberriak esan digunez, "guretzat nahikoa. Garagarrilean egin genuena bezain jendetsua ez da izan. Ez zen asmoa hainbeste jende etortzea. Baizik eta gai jakinen inguruan aritzea. Eta nik uste jendea oso pozik atera dela". Aurpegi berri asko bildu ziren tailerretan larunbatean, eta aurrekoarekin alderatuta adinaren bataz bestekoak gora egin zuen. Sareko kideak ere harrituta gelditu ziren aurpegi berri asko ikusi zituztelako. "Ona da sarearendako. Kontaktu sarea handitzen dugulako. Ekarri ditugun hitzaldiek zerikusia izan dute ere". Esaterako, ANELeko (Asociación Navarra de Enpresas Laborales) kide batek kooperatibak nola sortu azaldu zuen (pasa den urtean 30 bat sortzen lagundu zuten). "Krisiari hobekien eutsi dioten enpresak izan dira. Etorkizunari begira kooperatibak sortzea potentzia handi bat izan daiteke. Uste dut jendeari gustatu zaiola, kooperatiba izan daitekeela orain, krisi garaian, hasteko eta eusteko modua.  Tailerrak Kirola eta turismo tailerra gainontzekoak ez bezalakoa izan zen. "Industriak behera egin duenean ikusten dugu turismoa beste lan ildo bat jorratzeko izugarrizko aukera izan daitekeela sakandarrendako" esan digu Etxeberriak. Aldez aurretik hitzartutako jendeak parte hartu zuen Sakanako Mankomunitateko Garapen Agentziako Iker Manterola teknikariarekin batera. Guztien artean udako turismo plana lantzen hasi ziren larunbatean. Guztia ontzeko biltzen jarraituko dute. Energia berriztagarrien inguruan Patxi Lakuntzak ibarrak dituen aukeren berri eman zuen. "Sakandarrek nola aprobetxa dezakegun gure ingurua energia sortzeko eta ez kanpoan erosteko". Ideia horrekin lotuta aurreko ostegunean Energia Gara eta Goiener energia kooperatiben berri emateko hitzaldia antolatu zuen Sakantzen-ek, 80 bat pertsona bildu zituena. Arlo sozialean REASeko (Red de Economía Alternativa y Solidaria) kide batek haien jardun zabala azaldu du. Ikuspuntu ezberdinetatik iritzi truke aberatsa sortu zen tailerrean, interesgarria. Kerobiako musikariek autokudeaketaren haien esperientzia azaldu zuten arteari eskainitako tailerrean. Dora Salazarrek ezin izan zuen agertu.Sarea aurrera doaSareko kideek larunbatean sakandarrei laguntza deia egin zieten. "Jende gehiagok parte hartzea behar dugu. Hasieratik esan dugu guretako garrantzitsuena gizartea dela, Sakanako jendea. Munduko diru guztiarekin ere Sakantzen Sarearen helburuak ezin izanen ziren aurrera joan pertsonak ez badaude sartuta". Gonbitea luzatu zieten haien enpresak eraikitzeko, egiteko gogoz dauden pertsonei. "Sakantzen Sarera etortzeko inolako konpromisorik gabe. Eta ezagutu, aukerak dauden edo ez. Eta hortik aurrera Sakanan bizi eta lan egiteko".