Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txapelketan sentsazio kontrajarriak ditu Aitor Zubietak. "Entrenatzen sekula ez bezala nago, preparazio onean, bikain, eskuetatik eta gorputzetik gustura, konfiantzaz, oso pozik, benetan... pertsonalki inoiz bezala nago. Baina gero, txapelketan ez dugu 22ra iristea lortzen. Sentsazio kontrajarriak ditut" azaldu digu etxarriarrak. Zortea ez dute alde izan Zubietak eta Gonzalezek. "Sebastienek gorpuzkera txarra izan zuen azken partidan, ez dago bere onenean. Konfiantza puntu bat behar du, eta ea Olaizolaren eta Zabalaren kontrako partidan hori lortzen dugun. Gogor entrenatzen ari gara eta ea lortzen dugun" gaineratu du atzelariak. Partida konplikatua aurreikusten da, Zubietak eta Gonzalezek puntu bat eta Olaizolak eta Zabalak bi puntu dituztelako. Puntu beharrean daude bi bikoak, estu. "Asko geratzen da eta txapelketa oso estua dago, nibelatuta. Edozeinek irabazi dezake eta oso alde gutxi dago, baina dagoeneko bikote batzuk puntuak lortu dituzte eta guri emaitzak ez digute laguntzen. Puntuak lortu beharraren estuasun hori nabaritzen dugu eta horrek moralean eragina du. Puntuatu beharra dugu" nabarmendu du Zubietak. Beti bezala, dena ematera aterako dira eta ea euren 2. puntua lortzen duten. "Kantxara ateratzen zarenean eguneko partida horretara zoaz. Denak topera ateratzen gara eta estuasuna berbera da guztiendako. Lan asko egin beharko dugu eta ea Sebasek konfiantza berreskuratzen duen" adierazi digu.