Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urdalurko uharkatik heldu den ur sarea Altzania ibaiaren azpitik pasatzen den tokian dago matxuratuta. Junta hautsi zen hilaren 15ean eta ur horniketan arazoak sortu zituen. Matxura konpontzeko ibaiaren ur emari maila jaitsi arte ezin izanen da konponketa lanik egin. Bitartean Sakanako Mankomunitatea "teknikoki azkar egin eta segurua izan daitekeen behin behineko konponbidea" aztertzen ari da: zati horretan lurpetik joan beharrean sarea zubi baten gainetik eramatea. Behin betiko konponbidea lurpeko sarea konpontzea litzateke, baina aurreko aukera ere ez dute Mank-en baztertu. Egin beharreko lan guztien gastuak bere gain hartu beharko ditu Mank-ek. Urdalurko ur ekarrian matxura izan zen egunean sareko ura klororik gabe gelditu zen eta herrietako iturburuetatik jaso zen. Horregatik, kutsadura mikrobiologiko puntuala gertatu zen. EdangarriaAsteazken iluntzetik berriro ere Lakuntza, Arbizu, Urdiain eta Altsasuko etxeetako iturriko ura edangarria da. Astelehenean jarri zen indarrean debekua. Osasun Publikorako Nafarroako Institutuaren ostegunean hartutako ur laginek analisiak kutsadura mikrobiologikoa zegoela erakutsi zuten. Ostiraleko analisiek emaitza normalak eman bazituzten ere, Institutuak badaezpadako neurriak hartzea gomendatu zion Sakanako Mankomunitateari. Horrengatik, debekua. Asteartean errepikatu zituzten analisiak eta asteazken arratsaldean jaso zituzten Mank-en emaitzak, kutsadura mikrobiologikorik ez zegoela ziotenak. Beraz, etxeetako iturriko ura edateko debekua kendu zuten kaltetutako herrietan, Olatzagutia eta Ziordian ezik. Herri horietako analisietan kutsadura uhertasun arazoak atzeman baitira eta ez daude legezko parametrotan. Debekuarekin jendeak botiletako ura erosi edo beste herrietako iturrietatik hartu du. Matxura izan denetik, ur laginen azterketak egunero egin ditu Mank-ek.