Hobien Mapan 10 toki markatuta

Guaixe 2013ko urtarrilaren 22a

www.fosas.navarra.es guneanegin daiteke kontsulta 1936ko estatu kolpearen aldekoek hil zituzten pertsonak non hobiratu zituzten azaltzen duen mapa bat egin du Nafarroako Gobernuak. Hobien Mapan 1.257 pertsona hobiratu zituzten tokiak eta 118 hobi komunen tokiak kokatu dituzte. Nafarroako Gobernuak mapa egiteko lana despeditutzat eman du, nahiz eta hobi batzuetan zenbat pertsona dauden jakin ez. Oposizioko alderdiek, berriz, lanarekin jarraitzeko eta datuak osako eskatu diote gobernuari. SakanaMapan aipatzen diren ibarreko 10 hobietako bakarra ikertu dute. Altsasun dago, N-1 errepidearen 401 km-an (egungo NA-1000), Gipuzkoako mugatik gertu. Arantzadi zientzia elkarteko kideek georradarra erabiliz errepide azpian hobia egon zitekeen aztertu zuten. Hobiaren sakontasunak eta errepidea egoteak zaildu egiten du gorpuzkinak berreskuratzea. Ikertu gabeko hobien artean Urbasako lau sima daude. Ezagunena Otsoportillokoa da. Maparen arabera 16 gizon erail zituzten han: Francisco San Roman Galbete (Altsasu-Urdiain), Narciso Artola Razkin (Etxarri-Aranatz, UGT), Sabino Lizarraga (Donostia-Arakil, PNV), Victor    Urkijo Tobalina (Altsasu-Arakil, PSOE), Julian Ortiz de Lazcano Gonzalez (Contrasta), Jose Ubeda Sanchez (Altsasu-Arakil, UGT), Bernardo Domingo (Zalduondo), Joaquin Lizarraga (Donostia-Arakil, PNV), Antonio Maiza Miranda (Etxarri-Aranatz, UGT), Mauricio Rodriguez (Gordoa), Paulo Garziandia Arin     (Etxarri-Aranatz), Emilio Garcia Izquierdo (Arakil    , ezkerra), Andres Gonzalez (Calahorra-Etxarri-Aranatz,UGT), Miguel Gil (Galarreta), Adelino Gil Gonzalez (Arakil, CNT), Clemente Araña Miguel de Etxarri (Etxarri-Aranatz, UGT). Ordotzko siman (Bioitza kanpinetik gertu), zenbat pertsona eta nola hil zituzten ez dela ezagutzen azaltzen da Hobien Mapan. Gauza bera gertatzen da Basauntziturri simarekin. Hara ere errepublikaren aldekoen gorpuak bota ziren, baina zein ziren ez da ezagutzen. Azkenik, Urbasako saroiko edo rasoko siman (NA-718, 23 eta 24 km-en artean) Ameskoako UGTko 3 kideren gorpuak daude. Beste tokiak izendapena eman diote hobia non egon daitekeen datu zehatzik ez dagoen kasuei. Sakanan halako bost izendatu dituzte. Haietako bat Oskiako arrate ondoan zegoen txipudia da. Han hainbat pertsona fusilatu zituztela aipatzen da mapan eta 6 sakandarren izenak ematen ditu: Manuel Elizalde Lecea (Arakil, CNT/SU idazkaria), Félix Zumarraga Urriza (Bakaiku), Pedro Ihabar Arbizu    (Lakuntza-Arbizu, PNV), Ricardo Olejua Irurtzun (Lakuntza-Arbizu, PNV), Lazaro Alegria Lazkarai (Lakuntza, CNTko burua) eta Juan Jose Lakuntza Unzilla (Lakuntza-Arbizu, PNV). Arakilgo azken despopulatua izan zen Murginduetan Beteluko postari Carmelo Arin Laskarai erail zuten. Etxarri Aranatzen halako bi toki izendatzen dira. Bata kanpo santua da. Han hil zuten Migel Flores Estanca. Lakuntzarra sortzez, Arbizun bizi zen. Treneko enkargatua zen eta EAJ-PNVko kidea. Beste tokia Aritzalkoko ariztia da. Han hainbat pertsona erail zituztenaren erreferentzia besterik ez du ematen mapak. Aipamen horren barruan jasotako azken tokia Ubaba da (Balcón de Pilatos). Faustino Rubio Bujanda gazteria sozialistako kide olaztiarra han erail zutela ziurtatzen du mapak. Baita besteren batzuk ere, baina ez du datu gehiagorik ematen.