Mugika eta Perez Arbina puntaren puntan

Guaixe 2013ko urtarrilaren 29a

Migel Angel Perez Arbina olaztiarrak txikitatik arnastu du motorzaletasuna. Bere osaba Harby pilotuaren jarraitzaile sutsua zen, eta txikitatik motorzale amorratua da. 9 urte zituenean bere lehenengo motorra oparitu zioten, trialeko Merlin bat, baina azkar motor handiekin hasi zen, enduroko motorra lortu arte. Orduan hasi zen lasterketetan parte hartzen. 2012 urtea oso inportantea izan da berarendako, izan ere Nafarroako Cross Country Txapelketan bigarrena sailkatu da olaztiarra, (74 puntu), Luis Andres Aiensaren atzetik (125 puntu). Iñaki Mugika altsasuarra 5.a sailkatu da (49 puntu) proba horretan. Horretaz gain, 2012ko Nafarroako Enduro Indoor Txapelketan, senior mailan, hirugarrena izan da olaztiarra (71 puntu), KTM 250 exc motorrarekin. Hain zuzen ere, aipatu txapelketa Iñaki Mugika Izagirre altsasuarrak irabazi du (134 puntu). Gogoratu behar dugu junior mailan Marcos Beraza irintarrak irabazi duela Enduro Txapelketa, sakandarrek duten maila bikainaren isla. Olaztiarraren lana jarraitzera zale asko hurbiltzen dira, eta olaztiarrak eskerrak eman nahi dizkie guztiei. Baita motoziklismoa jarraitzen duten sakandarrei ere. Ildo honetan, Sakanako pilotuak 2013ko denboraldia prestatzen ari dira. HiztegiaMotocross: Zolatu gabeko zirkuituetan egiten den lasterketa. Normalean baso edo belardietan prestatutako zirkuituan egiten den lasterketa da, salto handiak, lohi guneak, aldapak eta beste dituen zirkuituan.Enduro: Motocrossaren eta trialaren arteko nahasketa modukoa da, motocrossaren abiadura trialaren teknikarekin nahasten baita. Normalean probetan hiru eremu prestatzen dira: bata, enduro extreme-a edo gogorra, bestea motocrossaren ibilbide antzekoa eta hirugarrena bien arteko nahasketa. Pilotuek hiru eremuak osatu behar dituzte eta euren lana kronometratu egiten da. Ezarritako denborak bete behar dituzte eta azkarrenak irabaziko du. Enduro Indoor: Motocrossaren antzeko proba baina oztopo edo trabak dituena. Ibilbidean harriak, enborrak eta beste gainditu behar dira. Cross country: Enduro eta motocrossaren arteko nahasketa bat da. Zirkuitu itxi batean egiten da, baina ibilbidea motocrossarena baino luzeagoa da. Iraupen proba da. Zirkuitu itxi bati ahalik eta buelta gehien eman behar zaizkio 2 orduko iraupenean. Buelta gehien egiten dituena da garailea.