Sakana eta gure etorkizuna defendatzeko, otsailaren 28an greba orokorra

Guaixe 2013ko urtarrilaren 31

Sakanan bizi eta lan! Krisiaren ondorioz behin baino gehiagotan entzun dugun leloa, atzera ere, otsailaren 28an entzunen da. Ozen. Izan ere, ibarreko hainbat eragilek greba orokorra deitu baitute. Egun osoko lanuztearekin Nafarroako Gobernuari Sakanarekin konpromisoak hartzeko eskaera eginen zaio. Mobilizazioaren deitzaileek esan dutenez, "Aski da! Esateko garaia dela iruditzen zaigu. Sakana itxi nahi du UPN-k. Gure etorkizuna lapurtu nahi dute eta gure esku dago defendatzea". Iruñetik inongo arlotan inolako ekimenik ez zetorrela ikusita, grebaren sustatzaileek gogorarazi dute 2011n krisi mahai bat biltzea sortu zela eta han bildutako izaera ezberdinetako eragileek "adostasun garrantzitsuak" lortu zituztela: "Sakanatik Sakanarako dinamika bati ekitea erabaki zen, lan postu duinak sortu, gure ehun ekonomikoa suspertu eta herritarron ongizatea hobetzeko".Eginak eta egin gabekoakKrisi mahaian adostutako 6 puntuetatik sakandarren esku zeuden hirurak abian daude edo jartzear daudela nabarmendu dute: Garapenerako Plan Estrategikoa egitea; Sakanako garapenaz arduratuko den bertako entitatea sortzea, Sakanako Garapen Agentzia eta, azkenik, gizartearen dinamizazioa bultzatzea, herritarrak kontzientziatu eta Sakanako garapen sozio-ekonomikoan inplikatzeko.Krisi mahaiak Nafarroako Gobernuari 3 eskaera egin zizkion: ibarra "Premiazko Berrindustrializatze Eskualde izendatzea; lankidetza iraunkorra bermatzea Mankomunitatea eta Garapenerako Agentziarekin, markatutako helburu sozio ekonomikoak betetzen laguntzeko eta pasa den urteko aurrekontuetan Sakanan adostutako ekimenak finantzatzeko diru sail bat onartzea. "hitz politak entzun, baina praktikan ezezko borobila jaso dugu sakandarrok"Gobernuak Sakanarekin hartu beharreko konpromisoak- Nafarroako Gobernuak Sakanako garapenerako agente aktibo eta positibo bat izan behar du, lehendabiziko, bigarren eta hirugarren sektoreak suspertu eta garatzeko. - Berrindustrializatzeko plan urgente bat garatu behar du, Sakanako erakunde, eragile, sindikatu eta Garapen Agentziarekin batera. Lan postuen suntsiketa gelditu behar du, berriak sortzen hasteko.- Gure gazteen hezkuntzarako eskubidea bermatu behar du, Altsasuko Lanbide Hezkuntzan ematen diren aukerak dibertsifikatuz eta bailararen beharrei erantzunez eta gainontzeko zentroetako kalitatea bermatuz, behar den inbertsioa eginez eta langile kopurua bermatuz.- Bailarako herritarron osasun eta babes sozialerako eskubidea bermatu behar du, Aita Barandiaran edo Josefina Arregi bezalako zentroen kudeaketa publikoa lehenetsiz, Osasun Zentroetako funtzionamendua bermatuz bai ordutegietan, bai hedapenean, bai langileen kopuruan.- Sakanan, jada, ehundaka lagun dira langabezi subsidiorik gabe gelditu direnak. Baldintza duinetan bizitzeko adinako babes sozial eta ekonomikoa bermatu behar du.    Krisiaren arrastoaHonako ondorioak aipatu dituzte: hamarnaka enpresa txiki, ertain eta handi itxita, ehundaka lanpostu suntsituta, 1800 langabetu baino gehiago (2008an baino 3 aldiz gehiago), gazteen erdia langabezian, komertzioa eta ostalaritza kinka larrian, lehendabiziko sektorea bizi irauten, hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozialak murrizturik... Nafarrei deiaSakanaren pareko langabezia tasa du Erriberak, "eta beste eskualdeetan ere egoera txartzen ari da egunez egun". Horregatik, grebaren sustatzaileek Nafarroako beste eskualdeetako biztanleak otsailaren 28an, 12:00etan, Iruñeko Antoniutti parketik Nafarroako Parlamentura eginen den martxan parte hartzera gonbidatu dituzte. Herri batzarrak Greba orokorra eta martxa antolatzeko herri batzar zabalak eginen dira. Sustatzaileek haietan parte hartzera deitu dituzte sakandarrak. Atxikimenduak (gehitzeko: sakanaezdaixten@gmail.com)Sindikatuak: LAB, EHNE. Itxitako enpresen ordezkariak: Hispording Ispania, Arfe, Recindsa eta Inasako langile ohiak. Sunsundegui eta bere azpikontratetako langileen ordezkariak, Tapicerias del Car eta Montajes Zapardi. Eragileak: Askapena, Bilgune Feminista, Altsasuko Feministak, Ikasle Abertzaleak, Sakanako Gazte ZukGua prozesuko gazteak, Arbizuko, Bakaikuko, Iturmendiko, Altsasuko eta Ziordiko gazte asanbladak, LH eta institutuko langileen ordezkariak, Sakanako Langabetuen Asanblada, Abian, osasungintzako eta gizarte zerbitzuetako langileen ordezkariak, Pentsionistak Martxan eta Sasoia. Alderdiak: ezker abertzalea, Geroa Bai, Bildu, Aralar eta IU. Erakundeak: Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu eta Olatzagutiko udalak.