Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza fundazioak jarritako helegiteari arrazoi eman dio epaiakNafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala 2010-2020 (NHKPI) baliogabe utzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaileek Sakanako Mankomunitatearen helegitearen mamia onartu du, planaren prozedura akatsagatik eta, batez ere, Hondakinen 10/1998 Legearen 5. artikuluen 5. apartatua eta 4/2005 Foru Legearen 34.5 urratzen dituelako planak. Aipatutako aurreneko legean jasotzen denez, erkidegoen hondakin planetan hondakinak ezabatzeko toki eta azpiegitura egokien zehaztapenak jaso behar dira. Eta gaineratzen da azpiegitura horien kokapena ezin dela ekimen pribatuaren esku utzi. Nafarroako Gobernuak NHKPI egitean mapa batean balioztatze, konpostatze eta ezabatze azpiegituren kokapen potentzialak jarri zituen. Epaileendako hori ez da nahikoa, legeak eskatzen duen zehaztapena betetzen ez delako eta jurisprudentziak halakorik ezin dela egin esaten duelako. Epaian ere NHKPIren prozeduran irregulartasun bat izan zela ere ebazten da. Izan ere, legeak agintzen du Ingurumen Eragin Ikerketa aurkezten denetik Ingurumen Eragin Adierazpena egin bitartean 4 hilabete baino gehiago ezin direla eman. Planaren erredakzioan gobernuak epe hori gainditzean egin zen irregulartasuna. PositiboaMank-ek eta fundazioak helegitea aurkeztu zuten planak eduki materialik ez zuelako, eta asmoen deklarazio hutsa zelako. Aholkulariekin epaia sakon aztertu gabe badute ere, "printzipioz, epai positiboa" dela esan digu Adolfo Araizek, Mank-eko gerenteak. "Gobernuak planean errauste planta bat egin behar zuela esan zuen, eta gero erabakiko zuela non kokatu. Legeak diote errauskailuaren gutxi gorabeherako kokapena jaso behar dela planean eta gobernuak kokapen posibleen zerrenda bat besterik ez zuen egin." Araizek azaldu digunez jurisprudentzia zabala dago arlo horretan. Nafarroako Gobernuak plana birpentsatu beharko duela adierazi digu Araizek. Bestalde, kudeatzaileak ez daki epaiak nola eraginen dion Portlanden hondakinak errausteko egitasmoari. Helegitea aurkezteko aukeraLanda Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Jose Javier Esparzak adierazi zuen gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaia aztertuko duela. "Aukera ikusiz gero, gerta daitekeena da kasazio-helegitea aurkeztea Espainiako Auzitegi Gorenean, eta horrela lanean segitu ahal izatea". Hala ere, lehenik epaia aztertu beharko dutela azaldu zuen. Nafarroako Gobernuak helegiterik aurkeztuko ez balu Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratua baliogabe geldituko litzateke eta beste plan bat egiten hasi beharko litzateke. Sustrai ErakuntzaFundaziotik adierazi da epaileek atzera bota dutena Portlanden gertatzen ari dela, hondakinak ezabatzeko azpiegiturak ekimen pribatuaren esku utzi dela. "Osasun publikoa eta ingurumena babesteko ezinbesteko baldintza da artikulu hori". Sustrai Erakuntzatik lehen balorazioan esan dutenez, "ez da nahikoa errauskailuarendako toki potentzialen mapa bat aurkeztea, ezta ingurumena eta osasun publikoa babesteko asmo onen aitorpenak aurkeztea ere". Sustrairen iritziz plan berria egitea edo errauskailuaren kokapena zehaztea dagokio Nafarroako Gobernuari. Fundazioak parlamentuan ordezkatuta dauden alderdiei eskatu die egungo egoera berbideratu dezatela. Eta xeheki azter dezatela Nafarroan hondakinen errausteak duen gizarte-onura, errentagarritasun sozio-ekonomikoa eta haren lurralde eta ingurumen ondorioak. Mank-ekin batera fundazioak ere aurkeztu zuen helegitea, baina auzitegiak berea atzera bota zuen. Fundazioak auzibidea hasi baino 2 urte lehenago sortua egon behar zuen horretarako.