Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sekula baino bertsolari gehiagorekin, 31, bihar hasiko da Nafarroako Bertsolari txapelketa Lizarrako Gazteriaren etxean. Kantuan ariko direnen artean Oier Lakuntza urdiaindarra, Eneko Lazkoz etxarriarra eta Josema Leitza arbizuarra izanen dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, gainera, finalaurreko bat Etxarri Aranatzen antolatuko du, martxoaren 3an izanen da, igandean. Finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da martxoaren 23an. Han txapela nori jantzi erabakitzeaz gain, Euskal Herriko txapelketarako txartelak banatuko dira. Aurten ziklo berri bat abiatuko du Nafarroako Bertsolari txapelketak. 2011ra arte urtero urtero jokatu zen. Baina orduan bi urtetik behin jokatzea erabaki zen. Pasa den urtean Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimena jarri zuen martxan elkarteak. Arrakasta izan zuen ekimenak eta haren fruitu da 6 bertsolari berri ariko direla txapelketan. Jakina, ikastetxeetan eta bertso eskoletan elkarteak urteetan ereindakoaren fruitu ere bada parte-hartzaile eta zaletasun handiagoa izatea. Ibarrekoak Lehian sartuko den aurreneko sakandarra Oier Lakuntza izanen da. Otsailaren 9an, larunbatean, Larraintzarko kultur etxean ariko da Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Ekaitz Astiz, Haizea Beruete eta Amaia Elizagoienekin. Hurrengo egunean, igandean, Iturengo udaletxeko ganbaran lehiatuko da Eneko Lazkoz. Aldamenean izanen ditu Aimar Karrika, Iñaki Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta. Azken aurre kanporaketa otsailaren 16an jokatuko da Zubiriko Gautxori jatetxean eta han ariko da kantuan Josema Leitza. Harekin batera ariko dira Oskar Estanga, Ander Fuentes "Itturri", Ainhoa Aranburu, Iban Garro eta Unai Uberetagoena.Bardoak ekimenean parte hartu ondoren Josema Leitza txapelketara bueltatuko da. 1995ean mustu zen kantuan txapelketan eta 2001ekoa eta gero utzi zuen. Arbizuarrak ez daki zergatik itzuli den lehiara. "Bardoetan Leitzako bertso eskolakoekin aritu nintzen eta bat-bateko ohitura ez galtzeko tarteko helmuga batzuk jartzea nahitaezkoa da. Oholtzan bertsoak kantatzeak ematen duen sentsazio hori probatu nahi dut berriz, ahalik eta saio txukunena eginda". Leitzak esan digunez, azken asteetan Lazkoz eta Lakuntzarekin elkartu da txapelketa prestatzeko. Lazkoz, bestalde, astean behin Lekunberriko taldean aritzen da ere. Kantuan ariko direnez gain, beste lau sakandar ere ariko dira txapelketan. Josu Etxanobe epaile lanak izanen ditu. Jon Arratibel, Joseba Beltza eta Maider Ansa, berriz, gai-jartzaile taldean daude.TxapelketaFinal laurdeneko 5 saio izanen dira. Bakoitzean seina bertsolari ariko dira. Haietatik 17 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako: saio bakoitzeko lehenengoa eta puntuazio onena duten 16ak. Julio Soto zuzenean finalaurrekoetarako sailkatuta dago. Finalaurrekotan 3 saio jokatuko dira, seina bertsolarirekin. Saio bakoitzeko irabazlea eta puntuazio onena duten 5 bertsolariak finalera pasako dira.www.bertsosarrerak.eu Saio guztietarako sarrerak web gune horretan daude salgai.