Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hegaztiak ikusteko begiratokia eraikiko da Oinez Basoan, Arbizun. Baina ez nolanahikoa. Jose Ramon Andaren altuera handiko pieza bat izanen da, barrutik goraino igotzeko aukera emanen duena. Behatokiaren berri bazuten ere, proiektuak ukitutako hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren astelehenean eskultorearen tailerrean ideia ezagutzeko. Andak lau "solairuko" behatoki baten ideia aurkeztu zien. Behetik gora bolumena handitzen duen pieza bat aurkeztu zien. "Solairu" bakoitza irudi geometriko bat izanen litzateke. Oinarrian hirukia legoke eta gainean laukia, pentagonoa eta hexagonoa. "Pisu bat gehiago balu nolakoa litzatekeen irudikatzeko aukera ematen du", adierazi zuen Andak. Eskultoreak azaldu zuenez, Altsasu eta Olatzagutia artean dagoen 16 metro luzeko Obelisco obrak duen ideia "buelta emanda da hau". Eskultoreak "gutxienez" 8-10 metroko altuerako behatokia aurreikusten du. Egur laminatuzko egitura bat litzatekeela azaldu zien bildutakoei. Halako egiturak egiten aritua den eta Andaren laguntzaile izandako Juan Carlos Zelaiak halako egituren ezaugarrien berri eman zien. Ideian oinarrituta ikerketa teknikoa eginen du Altsasuko Flores arkitektoak, eta horren arabera jakinen da piezaren tamaina. Baita kostua ere. Piezak babestuz, eta norberaren izena piezan agertzearen truke, finantzatu nahiko litzateke behatokiaren eraikuntza. Lortutako dirua Nafarroako ikastolak finantzatzeko litzateke. Anda aurretik ere lagun du izan ditu ikastolak. Berea da, esaterako, aurreneko Nafarroa Oinezeko logotipoa. Horregatik aurkeztu zion bere esker ona Pello Mariñelarenak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko buruak. IritziakAndaren begiratokiak Oinez Basoaren proiektuari beste dimentsio bat ematen diola adierazi zuen Mariñelarenak. Entzundakoarekin "oso pozik" atera zen, "ikusgarria" delako. "Ilusioarekin begiratokia aurrera aterako dugu, seguru". Patxi Lakuntza oinez basoko sustatzaileetako batek azaldu zuenez, behatokiko eskaileren parean egon daitezkeen tarteetatik edo gainetik hegaztiak ikusteko aukera izateaz gain, paisaia ederra ikusteko aukera dago. "Baita zabortegia ere, natur inguru honen zati ere badena". Sakanako Mankomunitateko garapen agente Iker Manterolak nabarmendu zuen Oinez Basoa zegoenetik berrasmatutako gunea dela. Horretaz gain, behatokiarekin "egurrari balioa ematen zaio, eta hemen badugu". Azkenik, bertako eta kanpokoendako turismo erakargarri bat izan zitekeela azpimarratu zuen. Xabier Reparaz hegaztiak behatzea du zaletasun eta baso inguruan kurriloak, ahateak edo beltxargak ikusi izan ditu. Berak adierazi zuen ornitologi turismoa erakartzeko balio lezakeela begiratokiak. Unitate didaktikoen bidez, hezkuntzan behatokiak hegaztiak eta geometria lantzeko baliagarria izan zitekeela azaldu zuen. EhiztariakEhiza barruti guztiek faunarendako babes gune bat izan behar dute. Arbizukoa oinez basoan dago. Baina basoak Ergoiena eta Etxarri Aranatzekin egiten du muga. Egitasmoa aurrera eramateko ehiza barrutietako babes gune osoa edo zati bat Utzubar inguru horretan jartzeko aukera aztertzea proposatu zaie ehiza barrutietako kudeatzaileei. Oinez Basoko sustatzaileetako batek, Patxi Lakuntzak, adierazi zuenez, "inolako presiorik gabe, eta nahi duten modura, baina ehiztariek proiektuaren zati izan behar dute. Proiektuarekin identifikatu behar dute". Oinez Basoa 2010ean sortu zen Utzubar dermioan, Arbizuko lurretan. 7,5 hektareatan 5.200 zuhaitz aldatu ziren basoa sortzeko. Pertsona, erakunde eta enpresen diru ekarpenekin osatutako basoak, kidea du Tafallan (7,5 hektarea) eta Tuteran eta Zangozan izanen ditu. Baina basoen proiektua bizia da, ez da zuhaitzak aldatzearekin gelditzen. Sakana hegazti migratzaileen pasa tokia da eta gurean atseden hartzen dute haietako askok. Horregatik pasa den udaberri akaberan haiendako ur baltsa bat egin zen oinez basoan. Hari jarraipena eginez, ohartu dira aurten hegaztiak ez direla gelditu, baltsaren tamainagatik, ikusi ez dutelako. Astelehenean baltsa handitu beharraz aritu ziren hizketan. Bildutakoek "sakonera handirik gabeko ur lamina zabal bat" egokia litzatekeela aipatu zuten. BildutakoakJose Ramon Anda, Pello Mariñelarena eta Marta Igoa (NIE), Patxi Lakuntza, Iñaki eta Josu Agirre (Arbizuko ehiztari elkartea), Unai Lazkoz (Lizarragako kontzejua), Xabier Reparaz (ornitologia zalea), Iker Manterola (Mank-eko garapen agentea), Martin Miranda (Ergoienako zinegotzia), Garbiñe Hurtado (Dorraoko kontzejua), Miren Berastegi eta Joxi Bakaikua (Arbizu eta Etxarriko alkateak) eta Juan Carlos Zelaia.