Kintoen garaia

Guaixe 2013ko otsailaren 1a

Olaztin atzo hasi zituzten ospakizunak, Santa Ageda egunean despedituko direnak. Altsasun Santa Ageda egunetik igandera arte ospatuko dira kintoen festakEgutegia aurrera doa eta Santa Ageda bezperetan gaude. Kintoen festen txanda da, beraz. Aurten goiztiarrenak kinto olaztiarrak izanen dira. Atzo, osteguneko afariarekin hasi zituzten euren ospakizunak aurtengo 16 kintoek. Eta gaurtik astearte iluntzera arte,  Santa Ageda eguna, hain zuzen, ospakizunetan murgilduta egongo dira. Baserritarrez jantzita guztiak, mutilak apaindutako makila lagun, egun politak biziko dituzte.Gaur, ostiralean, goizeko 8:00etan geratu dira etxeetan eta enpresetan diru eskea egiteko. Txarangaren laguntzarekin ibiliko dira eskean egun guztietan, igandea salbu. Igandean trikitilarien konpainia izango dute. Egunero hamaiketakoarekin hasiko dira ospakizunak. Herriko elkarte, taberna eta gaztetxean eginen dute hamaiketakoa, txandakatuz. Eta bazkari eta afariekin berdin. Asteartean, Santa Ageda egun handian, opilak banatuko dizkiete alkateari, medikuari, apezari eta herriko gazteenari eta adinduari. Bestalde, larunbatean Olaztiko kintada guztiek ospatuko dute Santa Ageda. Bazkari eta afari potoloen txanda izango da. Parranda ordu txikiak arte luzatuko da Olaztin.Altsasun neska eta mutilek elkarrekin eskatuko dute Santa Ageda eguneanAltsasuko 2013ko kinta 44 kintoz osatuta dago; 19 neska eta 25 mutil. Iker Diaz izango da erregea, Imanol Reparaz erregeordea, Maialen Apestegia erregina eta Miren Barbero erreginordea. Santa Ageda bezperan meza elizkizuna izanen dute, eta irteeran zortzikoa dantzatuta, Santa Agedan hasiko dira ospakizunak.Aurten nobedadeak izango dira, guztiak emakume eta gizonezkoen berdintasunari erantzunez. Orain arte neskek Santa Ageda bezperan eskatzen zuten, eta mutilek Santa Ageda egunean. Aurten neska eta mutilek batera eskatuko dute, Santa Ageda egunean. "Denak elkarrekin aterako gara eskatzera, berdinak baikara" adierazi digu Iker Diaz erregeak, guztia prest dutela gaineratuta. Horretaz gain, saltzen dituzten opilen ardura neskek zuten orain arte, baina aurten elkarrekin egingo dute. "Bosteko taldetan banatuko gara eta talde bakoitzak 3 opil prestatuko ditu. Hortaz, opil jasotzera adostutako tokietara joango gara, eta ez nesken etxeetara orain arte egiten zen bezala" azaldu du erregeak. Ateratako guztiarekin 5 eguneko ospakizuneko bazkari, afariak eta beste estaliko dituzte. Jakina, zortzikoa neska eta mutil guztiek dantzatuko dute. "Santa Ageda egunetik igandera arte ospatuko ditugu festak. Arratsaldero zortzikoa dantzatuko dugu plazan, dena jarraian, atsedenik gabe" dio. Juan Cruz Bengoetxea "Piloto" eta Andoni Beramendirekin ari dira zortzikoa, jota eta porrusalda ikasten, gauero. Dantzak ikasi omen dituzte, eta guztia prest, festa hasteko gogoz daude. Jakina, jantziak prest. Baserritar jantzia neskek, eta praka eta alkandora txuria mutilek, kaikuarekin, txapelarekin, bularra gurutzatzen dien zapiekin, zintaz apaindutako makilarekin eta eskean aritzeko zilarrezko erretiluarekin. Santa Ageda egun handian kintada ospatuko dute ere zilarrezko, urrezko eta platinozko ezteiak betetzen dituzten kintadak.