Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Binakako Pilota Txapelketako 7. jardunaldiak sorpresa asko eman ditu. Ondorioz, sailkapena oso estua dago, eta txapelketa zabalik. Sorpresa horietako bat Aitor Zubieta etxarriarrak eta Gonzalezen tokia hartu duen Joseba Ezkurdia arbizuarrak eman dute. Sakandarrek sekulako lana egin zuten larunbatean Idiazabalen, faborito ziren Oinatz Bengoetxeari eta Beroizi 11-22 irabazita. Sari ederra Idiazabalera hurbildu ziren zale sakandar ugariendako. Ezkurdia arbizuarraren estreinaldia zen lehen mailako txapelketa batean eta arbizuarra ez zen kikildu: oso fin ibili zen, arduratsu, bere tokian eta defentsan ezin hobeki, harmailetan zituen lagun eta ezagunen animuak lagun. Atzean Aitor Zubieta indartsuena ikusteko aukera izan zen Idiazabalen. Bengoetxea eta Beroiz faboritoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, 6-1, baina sakandarrek ez zuten amore eman eta partidari buelta emateko gai izan ziren. Aitor Zubieta izan zen partidako onena, Beroiz menperatu eta Bengoetxearen aireko jokoa indargabetu baitzuen. Ezkurdiak lagundu zion, pilotari abiadura emanez. Gehiago espero zen Bengoetxea eta Beroiz piloriez, ez ziren maila onean ibili. 10-0ko partzialarekin 6-11 aurreratu ziren sakandarrak eta hortik aurrera partida erabat kontrolatu, sorpresa galanta eman eta 11-22 irabaziz. Bestalde, Labriten jokatutako partidan aurreikuspenak bete egin ziren eta Martinez de Irujo eta Jose Jabier Zabaleta etxarrendarra 22-12 gailendu ziren Jaunarenaren eta Barriolaren aurrean. Barriola kargatzea izan zen euren estrategia. Barriola txukun hasi zen atzean, baina partida aurrera joan ahala Zabaletaren pilotakadek gero eta gehiago zigortu zuten atzelari leitzarra. 10-12ra gerturatzea lortu zuten, baina 6-10eko partzialarekin ihes egin zuten Irujok eta Zabaletak, norgehiagoka erraz irabaziz. Zabaletak aurtengo txapelketako sentsazioa zergatik den demostratzen jarraitzen du, partidaz partida.Hurrengo asteburuan jardunaldi interesgarria espero da. Azken partidan itxura oso ona eman ez zuten Titin eta Merinoren kontra jokatuko dute Irujok eta Zabaletak Logroñon. Errioxarrek zaleen babesa izanen dute eta lehia konplikatua espero dute Irujok eta Zabaletak, nahiz eta faboritoak izan. "Zaleak kontra izanen ditugu, baina dena ematera aterako gara" adirazi du Zabaletak. Bestalde, garaipenak ematen duen moralarekin, galtzetik datozen Jaunarena eta Barriola izanen dituzte aurkari Ezkurdiak eta Zubietak Tolosako inauterietan murgilduta dagoen Beotibarren, astelehenean. Ea sakandarrak horren indartsu ikusten jarraitzen dugun. Binakako 8. jardunaldiaJaunarena-Barriola / Ezkurdia-Zubieta (astelehenean, Tolosan)Titin III.a-Merino II.a / Martinez de Irujo-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)Binakako Txapelketa. Puntuak.6 puntu: Martinez de Irujo-Zabaleta5 puntu: Bengoetxea VI.a-Beroiz4 puntu: Olaizola II.a- Zabala eta Titin III.a-Merino II.a3 puntu: Berasaluze VIII.a-Albisu eta Xala-Barriola2 puntu: Ezkurdia-Zubieta1 puntu: Arretxe II.a-Begino