Ikastolek liburuak askatu zituzten

Guaixe 2013ko otsailaren 4a

Ilbeltzaren 25ean Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txiokako ikasleek ibarra liburutegi erraldoi bihurtu zuten. Bookcrossing edo "liburu askea" jarduera egin zuten. Hala, herrietako kale, plaza, eraikin, hiri-altzari eta bestelako tokietan liburuak utzi, askatu, zituzten. Sakanako ikastoletako ikasleek euren liburuak askatu zituzten eta Sakanako herritarrei oparitu, bide batez irakurzaletasunaren eta liburuen kultura hedatuz; "ikastolek gizarteari egiten dieten ekarpen kulturalaren adierazle". Askaturiko liburuetako bakoitzak, orri markatzaile bat darama barrenean. Orri markatzaile hauetako bakoitzak Nafarroako 15 ikastolen kontaktuaz gain, ikastolen Hezkuntza Proiektuaz informatzen duen QR kode bat dauka.Ikasleak izan ziren protagonista, liburuak "askatzeaz" gain, liburuetan gustuko dituzten esaldiak azpimarratu zituzten. Gainera, kasu askotan, liburuak kalean uzteaz gain, ikasleak izan ziren sakandarrei liburuak eskaini zizkietenak. Ikastolen ekimena arrakastatsua izan zen, "ordu gutxitan liburu gehienak irakurle berrien eskuetan baitzeuden". ETBko kamerek Andra Mari ikastolako ikasleek liburuak nola askatu zituzten grabatu zuten gainera.