Eraikuntza modularra

Guaixe 2013ko otsailaren 8a

Aurreko batean, Murtzia hirian izan nintzen bertan dagoen enpresa bat ezagutzen. Hauek, eraikuntazaren merkatuari beste irtenbide bat eman nahiean, eraikuntza modularrari ekiten diote. Gehien bat etxebizitza modularrak egiten dituzte, baina, eraikuntza mota desberdinak ere egin daitezke modulatzen. Eraikuntza modularra, eraikinaren %80 lantokian egin eta garraioz lursail konkretu batera eramaten den eraikuntza mota da. Hau da, eraikuntzak kamioien neurrietara egokitutako modulutan diseinatzen dira, lantokietan eraikiz eta, kokatzea, zatika egiten da, eraikin zatiak kamioien bidez nahi den partzelara eramanez. Azkenik, han bertan moduluak lotu eta errematatzen dira.Murtziako enpresak, etxebizitzak 2 hilabetetan eraikitzen ditu lantokian eta bezeroak daukan lursailean aste batean muntatzen ditu erabat errematatuz. Hala izanik, etxebizitza diseinatzetik bizitzera joan arte 3 hilabete baino gutxiago pasa daitezke. Egia da horrelako zerbaitez hitz egiten dugunean campig-etako bungalowak etortzen zaizkigula burura. Hala ere, nahiz eta zerikusia izan, kalitatezko eta tamaina desberdinetako eraikinak egin daitezke material desberdinak erabiliz. Sistema honek, azkartasunaz gain, abantaila ugari ditu gauzatzeko: lantokiak eraikitzeko orduan eman dezakeen prezisioa eta segurtasuna handiagoa da, gastuetan asko aurrezten da (etxebizitza berdin bat %30 merketu daiteke), eraikuntza hondakinen murrizketa ere oso handia da eta lehen adierazi dudan bezala, nahi dugun kalitatea eman diezaiokegu eraikinari. Sakanan bertan sistema honekin zerikusi handia duten etxebizitzak gero eta ugariagoak dira. Naiz eta eraikuntza modular petoak ez izan, aste gutxitan eraikitzen diren adibide industrializatuak ikus ditzakegu, batez ere, egurrezko sistemetan oinarrituak.Beraz, eraikuntza modularra eraikuntzaren beste irtenbide bat izan daiteke. Adibide moduan Abadiñoko haur eskola ipiniko dut. Andoni Igoa