Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
AEK-k euskararen alde antolatzen duen errelebu lasterketa martxoaren 14an, ostegunean, hasiko da Andoainen. Gipuzkoan barna ibilbidea egin ondoren, ostiralean, gauerdia pasata Sakanan sartuko da. Otzaurteko portutik jaitsiko da lekukoa eta Sakanara goizaldeko hiruak aldera iritsiko da. Ibarra zeharkatu eta Irurtzundik Goldaratz aldera 7:15 aldera eginen du. Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, AEK-k antolatzen duen 18. KORRIKA da aurtengoa eta euskara ikasten ari direnak omendu nahi ditu. AEK-k lasterketarako Eman euskara elkarri leloa aukeratu du. Horrekin AEK-k adierazi nahi du "euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duela. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko". AEK-ko kideen iritziz, "dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu... Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du".