Kinto-garaia

Guaixe 2013ko otsailaren 8a

Uharte ArakilAurten 18 urte dituzten 11 kintok, 3 neskak eta 8 mutilek, ospatuko dituzte kinto ospakizunak Uharte Arakilen. Atzo, ostegunarekin hasi ziren ospakizunak, iganderaino luzatuko direnak. Udalak mojen etxeko gela bat utzi die eta bertan lo eginen dute ospakizunak irauten duten bitartean, Maider kintak kontatu digunez. Atzo bazkaltzera bildu ziren eta etxez etxe eskean aritu ziren, baserritan. Gaur, ostiral goizean, fabriketara joanen dira eskatzera, eta ostiral arratsaldean eta larunbatean herriko kale guztietan eskatuko dute. Hamaiketakoak, bazkariak eta afariak Uharteko taberna eta jatetxeetan eginen dituzte, txandakatuz. Jakina, eskean aritzen diren bitartean musika lagun ibiliko da, trikitilarien laguntzarekin. Eta nola ez! bonboaren doinuak ezin dira falta. Jakina, ihote ospakizunekin bat egingo dute eta mozorrotuak ikusiko ditugu kintoak. LakuntzaAstelehen goizean plazan elkartuko dira kintoak. 6 kinto dira, baina haiekin beste 14 kinto gazte ere ibiliko dira. Guztiak etxez etxeko eta lantegiz lantegiko eskean ibiliko dira goiz eta arratsaldez, trikitixaren doinuak lagun dituztela. Bazkaldu eta afaltzeko geldituko dira. Eta gaua Tolosako inauterietan despedituko dute. Asteartean, gosaldu ondoren, bezperako martxan bera izanen dute, baina, eguna Altsasun, parrandan, despedituko dute. ArbizuGaur afaltzera bilduko dira 16 kintoak. Bihar ihote ospakizunetan parte hartuko dute kintoek, baina bakoitza bere koadrilarekin. Igandean, berriz, 11:00etan jarri dute hitzordua. Trikitilarien laguntzarekin etxez etxe diru eskean ibiliko dira kintoak, haien parranda ordaindu ahal izateko. Egitekoak despeditu ondoren, poteoan ibili, afaldu eta lakuntzarrekin batera Tolosara joanen dira. Astelehenean, mahaiaren ingurukoak egin ondoren Tolosan bukatuko dute. Astearte arratsaldean, berriz, inauteri egitarauaren barruan, haurrendako jolasak antolatuko dituzte kintoek. Ondoren, herri afarira joanen dira, eguna Altsasun despedituz. Etxarri AranatzZalduniyoten, hau da, igande arratsalderako antolatu den elkartez elkarteko ibilbidean aurtengo 14 kintoek ere parte hartuko dute. Baina haien ospakizuna asteleheneko afariarekin hasiko da. Mahaitik jaso, eta kinto zaharrekin batera, Tolosara joanen dira parranda egitera. Gipuzkoako herritik bueltan kintoek etxez etxeko eskeari ekinen diote, trikitilariak eta mozorrotu segizioa ondoan dutela. Bazkaldu ondoren, arratsaldean, kalejira ere eginen dute. BakaikuAurten 5 bakaikuar dira kintoak. Baina ospakizuneko segizioa beste 11rekin osatuko dute, kinto-gazteak eta kinto zaharrak batuko zaizkielako. Gaur Bakarrekoetxea elkartean afalduko dute eta ziurrenik gaua Altsasun despedituko dute. Hala ere, larunbat goizean goiz-goizter gelditu dira. Hamaiketakoa egin ondoren, musika lagun, etxez etxeko eskeari ekinen diote. Herrian jasotakoarekin Ataungo sagardotegi batera joanen dira bazkaltzera eta parranda Altsasun despedituko dute. Kinto ospakizunak domekan despedituko dituzte. Elkartean afari-merienda egin eta ondoren DJ Sergeik musika jarriko du. Kintoak ez daude ziur, baina animatuz gero, haiek Bakaikuko zortzikoa dantzatzeko aukera izanen da domekan. Iturmendi  Aurten 16 gazte izanen dira kinto festako protagonistak. Bi dira aurten kintoak, baina ohi denez kinto-gazte eta kinto-zaharrekin ospatuko dituzte egun hauek. Gaur Aritzaga elkartean afaltzeko elkartuko dira eta ondoren musika izanen dute. Larunbatean, berriz, gosaldu ondoren, bonboa eta trikitien doinuak iragarriko dute haien presentzia, hala ibiliko baitira etxez etxe, eskean. Erronda egin ondoren, elkartean bazkaldu eta karaokean kantatuko dute. Afaldu ondoren, parranda Altsasun jarraituko dute. Urdiain  Bi kinto dira aurten Urdiainen. Baina, kinto gazte, zahar eta beti kintoak kontuan hartuta 21 bat izanen dira ospakizuneko protagonistak. Gaur, trikitilarien laguntzaz eskeanibiliko dira eta, ondoren, afaltzera joanen dira. Bihar, gosaldu ondoren, kintoen egitekoa eskean ibili eta axuri baten zozketarako txartelak saltzea izanen da. Bazkariaren ondoren animazioak jarraituko du, afaltzerakoan atseden hartu eta gero ordu txikitaraino parrandan segitzeko. Domeka eguerdian, kinto segizioko 5 kidek plazan zortzikoa dantzatuko dute. Jan edanak ere ez dira etzi faltako. Kintoak udalak utzitako txoko batean bilduko dira egun hauetan. AltsasuBihar arte festako protagonistak izaten jarraituko dute aurtengo 44 kintoak. Egunero, iluntzean, guztiak plazatik banaka-banaka pasako dira zortzikoa dantzatzeko. Aurten estreinakoz, guztiek batera eskatu zuten dirua, asteartean, eta guztira 12.945,7 euro lortu zituzten. Haietatik puska handi bat opilen salmentatik atera zuten. Hori ere, estreinakoz denen artean egin zuten, eta ez orain arte bezala emakumeek soilik. Baina aurtengo kintoekin batera, herri guztia batuko da festara, nor bere kintadarekin bazkaltzeko elkartuko baita. Udalak bere azpiegiturak eskaini zizkien kintadei herrian bazkaltzeko, eta haietako 6k eskaintza onartu dute. Larunbatean Burunda pilotalekuan 180 bat pertsonek bazkalduko dute. Aurtengo kintoek Ibai Berriak taldearekin dantzaldia antolatu dute plazan. ZiordiaHiru kinto eta beste sei kinto gazte eta zahar izanen dira asteburuan parrandan ariko direnak. Gaur hamaiketakoa egitera elkartuko dira. Mahaitik gutxi mugituko dira, bazkaria ere izanen dutelako, Errekakartea elkartean. Poteoan ibili ondoren afariarekin itxiko dute eguna. Bihar, berriz, eguerdi partean etxez etxeko eskea eginen dute, trikitilarien doinuak lagun dituztela. Elkartean bazkaldu eta poteoan ibili ondoren kinto ziordiarrek Altsasuko bidea hartuko dute, parranda han despeditzeko. Domekan, guztiak bazkaltzeko bildu eta hala despedituko dute ospakizuna.