Albaola, itsas kultura eta ondarea bere ikuspegi guztietan lantzen dituen erakundea, aurten hasiko da San Joan baleontziaren errepika egiten. Itsasontzia egin ahal izateko elkartearekin bat egin dute Sakanako Garapen Agentziak, Donostia 2016 Europar kultur hiriburuak eta Zerain herriak, besteak beste. Hiru urte barru baleontzia itsasoan izatea da asmoa. Sakanako Garapen Agentziako agente den Iker Manterolak jakinarazi digunez, proiektuan parte hartzen dutenendako, "ondare kulturala eta naturala tokiko garapenaren oinarrizko baliabideak dira. Horregatik, gure komunitateek elkar banatzen duten ondarea balioztatzea helburu duen elkarlana lantzen hasi gara". Baleontzia elkarlan horren fruitu izanen da, Donostia 2016ko elementu ikusgarrienetakoa izanen dena. Sakanatik itsasoraAranazko ibarrean eta Burundan, untzigintzara bideraturiko baso aprobetxamenduen aipamen historikoak ugariak dira. XVI . mendetik aurrera basoen kudeaketan itsasoak bere tokia izan du. Bi espezie eta erabilera nagusi ziren: itsasontziak egiteko haritza eta arraunak egiteko pagoa.Materolak argitu digunez, "Sakanak proiektuan basoari dagokion atala landuko du eta ontzia egiteko 200 haritz emanez parte hartuko du". Lan horretan Albaolako kideen aholkularitza eta laguntza materiala izanen dira. Manterolaren arabera Donostia 2016ren ekitaldi kulturalak "Sakanaren marka turistikoa, maila handiko proiektu bati loturik eta proiekzio handiko gune batean azaltzeko aukera ahalbidetzen digu".Baleontzia22 metro luze, 7,5 metro zabal eta 200 tonako pisua izanen du baleontziak. San Joan baleontzia 1.563an eraiki zuten Pasaian eta bi urte geroago hondoratu zen, Kanadako Red Bayn. Hantxe jarraitzen du gaur egun. Unescoren munduko urpeko ondarearen zigiluan agertzen da baleontzia.