Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Adarragako partida eta gero dena dira loreak Jose Javier Zabaleta etxarrendarrarendako. Izan ere Etxarrengo atzelariak eta Irujok garaipen itzela lortu zuten Titin eta Merino errioxarren gotorlekuan, Adarragan. Partida oso lehiatua izan zen, gogorra eta ikusgarria, eta nahiz eta zaleak kontra izan, garaipena Nafarroara etorri zen. Denek jokatu zuten ongi, baina Zabaletaren papera nabarmendu nahi dugu. Beteta zegoen Adarraga, topera. Zaleak, jakina, Titin eta Merinorekin. Euren gotorlekuan galdu gabe zeuden errioxarrak eta presio handia zuten Irujok eta Zabaletak. Dena ematera atera behar zirela esana zuen Zabaletak eta hala egin zuten. Etengabe jo eta jo; hori izan zen beraien estrategia. Baina errioxarrek defentsa ikusgarria egin zuten. Horregatik lehia gogorra izan zen. Bereziki atzelariak nabarmendu ziren: Zabaleta eta Merino. Atzelarien lehia ikusgarria izan zen Adarragakoa. Biak aritu ziren ongi, baina Zabaleta nabarmendu zen. Sekulako eskuinkadak eta ezkerkadak jo zituen, eta presioari eustea lortu zuen. Partida ikusgarrian 20ra berdinduta zeudela iritsi zen emoziorik handiena. Akaso Zabaletak presioaren eragina nabarituko zuela pentsatzen zuten askok, baina Etxarrengoa hazi egin zen: bi eskukada bikaini esker, ia erreboteraino joan zirenak, Merino jokoz kanpo uztea eta 22ra heltzea lortu zuen Zabaletak. Ikusgarria. "Etxarrengoa debut ikusgarria ari da burutzen goi mailako txapelketan, baina Adarragan doktoratu egin zen. Zabaletak demostratu zuen frontoi atzean aro bat markatzeko baldintzak badituela" zihoen astelehenean Diario de Noticiasek. Zorionak 21 urteko sakandarrari. 6 jardunaldi geratzen dira Binakako Txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko eta Irujok eta Zabaletak 7 puntu dituzte. Final laurdenetarako sailkapena esku-eskura dute. Binakako Txapelketa. Puntuazioa7 puntu: Irujo-Zabaleta5 puntu: Olaizola II-Ibai Zabala eta Bengoetxea Vi.-Beroiz4 puntu: Titin III.a-Merino II.a3 puntu: Bersaluze VIII.a-Albisu, Xala-Barriola2 puntu: Ezkurdia-Zubieta1 puntu: Arretxe II.a-Begino