28ko greba legeztatuta

Guaixe 2013ko otsailaren 11

Hilaren 28rako Sakanan deitu den greba orokor deialdia erregistratu zuten antolatzaileek ostiralean. Aldi berean, Iruñean egindako agerraldian hainbat ideologietako udal ordezkariek Sakanak bizi duen "emergentzia" egoeraz gaztigatu zuten. Krisiak Sakanan arrasto latza utzi duela nabarmendu zuten. Horrekin batera, udal ordezkariek nabarmendu zutenez, "Nafar Gobernuaren diru laguntzarekin zabaldutako zerbitzu asko, orain diru laguntzarik gabe gelditu dira Udal eta Mankomunitatearen gain eta diru faltagatik aurre ezin eginez".  Duela bi urte krisi mahaiaren sorreran parte hartu zutela eta hainbat erabaki hartu zituztela gogorarazi zuten. Haiei zegozkienak martxan jarri dituzte, Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak ezezko erantzuna jaso zuten. Salatu zutenez, gauzatu gabe gelditu da Sakanako Garapen Agentzia eta Nafarroako Gobernuaren arteko marko egonkor bat sortzeko eta elkarlanean aritzeko aukera. Sakanarako Plan Estrategikoa dinamizatu eta idazteko, energia ikerketa bat egiteko, industria-eremuen analisia egiteko eta Sakanako Agenda 21 ezartzeko laguntzarik, erraztasunik eta babesik ere ez dutela jaso nabarmendu zuten udal hautetsiek.Horregatik, foru administrazioari Sakanarekin konpromisoak hartzeko eskaera berretsi zuten. Izan ere, Sakana ez da ixten! UPN etorkizuna lapurtzen! leloarekin Nafarroako Gobernuari eskaera zehatzak egin nahi zaizkio otsailaren 28an.