Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Argindar mozketarekin etorri zen elurra asteartean. Telekomunikazio linea batean pilatutako izotzak hura erortzea eragin zuen eta Ormaiztegi-Altsasu argindar linea azpian hartu zuen. Horren ondorioz Sakanako makina bat herritan argindar mozketak izan ziren 7:30etik aurrera. Hainbat orduz falta izan zen argindar hornidura. Esaterako Iturmendin 12:30 aldera bueltatu zen, Altsasun ordu bat geroago eta Olatzagutian, 17:00ak aldera bueltatu zen. Gaur, berriro, herri erdia argindarrik gabe dago. Altsasuko Ondarria industrialdean eta Txunkai auzoan gaur 17:00etan bueltatu da argindarra 12 ordu gabe egon ondoren. Ez behar horren aurretik, Olatzagutia eta Ziordia arteko argindar linean zuhaitz batzuen erorketak horniduraren eten laburra sortu zuen. Elurtearen eraginez, Irun eta Gasteiz arteko bidea egiten ari zen tren bat 4 orduz geldi egon zen Altsasun. 190 bidaiariak zeramatzan trena atoan eraman zu lokomotora batek Gasteiza. Bitartean, portuak itxita egon ziren, tarteka autobietan arazoak izan ziren. Esaterako, Tolosako inauterietatik bueltan zetozen Etxarriko kintoak 4 ordu behar izan zituzten bidea egiteko.