Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateari arrazoi emanez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala 2010-2020 (NHKPI) baliogabe utzi du eta gobernuak helegiteko asmoa azaldu du. Hori dela eta, Mank-etik zenbait gogoeta publiko egin nahi izan dituzte. Mank-eko arduradunen iritziz, epaiaren edukiagatik ulertzen da gobernuak Olaztiko porlandegiaren Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala (UGPS) tramitatzean izan duen presa. Mank-eko buruak porlandegian hondakinak erretzearen kontra daudela berretsi dute. Eta epaia kontuan hartuta, ibarreko erakundetik Nafarroako Gobernuari eskatu diote porlandegiko espedientean inolako urrats administratiborik ez emateko. "Ezin da esan Planak eta Olatzagutiko porlandegiaren espedientearekin loturarik ez duela, are gehiago UGPSri Mank-ek jarritako alegazioak atzera botatzeko hura erabili zenean". Enpresa pribatuek halako azpiegituren kokapena ezin dutela zehaztu ere jasoa dago epaian. Horregatik guztiagatik, Mank-ek eskatu du gobernuaren helegitearen epaia etorri bitartean porlandegiaren espedientea gelditzea eskatu du; "atzera bueltarik ez duten urratsak ez egiteko edo eskubideak hartu eta gero enpresari kalte-ordain handirik pagatu behar ez izateko". Mank aztertzen ari da epaia behin behinean exekutatzea. Epaiak argi utzi zuen Nafarroako Gobernuak Hondakinen 10/1998 Legea urratu zuela, hondakinak ezabatzeko azpiegituren kokapena edo lokalizazio irizpide zehatzak ez zituelako eman. "Gobernuak propio ez zehaztapenik egin, errauskailua hartu zezaketen toki potentzialetan gizarteak kontra egingo zuelako".