Hirugarrenaren faltan, baditugu bi bertsolari final erditan

Guaixe 2013ko otsailaren 14a

Nafarroako Bertsolari Txapelketako asteburuko azken-laurdeneko bi saiotan aritu ziren bertsolari sakandarrek lehiaketan aurrera egitea lortu dute: Eneko Lazkozek saioko onena izatean eta Oier Lakuntza puntuazioagatik. Josema Leitza izan daiteke aurrera egin dezakeen Sakanako hirugarren bertsolaria. Arbizuarrak larunbatean, 17:30ean, Zubiriko Gautxori jatetxean ariko da bertsotan. Eta harekin batera Oskar Estanga, Ander Fuentes "Itturri", Ainhoa Aranburu, Iban Garro eta Unai Uberetagoena.Eneko Lazkozek orain arte txapelketako puntuazio handiena lortu zuen Iturenen, 357 puntu. Saio bizi eta txinpartadunaz gozatzeko aukera izan zuten 160 bertsozalek. Etxarriarra saioko onena izan zen, alde handiz. Lazkozek final-erditarako zuzeneko txartela eskuratu du eta martxoaren 3an Etxarri Aranatzen jokatuko den final-erdian ariko da. Larraintzarko kultur etxean aritu zen Oier Lakuntza, 100 bertsozaleren aurrean. Urdiaindarra ederki aritu zen eta kanporaketan nagusi izan zen Julen Zelaietarengandik gertu gelditu zen Lakuntza, 320,5 puntu lortuta 7,5 puntura geldituz. Lakuntzak poltsikoan du final erdietarako txartela. Izan ere, azken-laurdenetako saioak irabazi dituzten bertsolariak kenduta, urdiaindarrarena laugarren puntuazio onena da. Non kantatuko duen zehaztea besterik ez da falta.