Lehen sektorerako sendotu eta biziberritzeko bidea prestatzen

Guaixe 2013ko otsailaren 12a

Urduñako ordezkariekin lan bilera izan zuten larunbatean Belardikoek, haiengandik ikasi eta etorkizunerako lan ildoak zehazten hastekoMikel Cormenzana eta beste hainbat urduñar 1999an hasi ziren "etorkizun duin eta oparoago bat izateko baserriak mantendu eta berriak sortzeko" hausnarketa. Bidea diseinatu zuten, "guztien artean estrategia erabaki eta aurrera eraman genuen".  Elikadura burujabetza eta haien ekonomia eta elikadura sistemak birlokalizatzeko ekimenak garatu dituzte gaur arte: baserritarren azoka eta abeltzainen azoka garrantzitsu historiko bat berreskuratu dituzte; kontsumo taldeak sortu; produkzioa dinamizatu ahal izateko, erakundeen aldetik produktuen eskaera handitzeko moduak aztertu dituzte (herriko festak, elkarteak, txosnak, ekimenetako sariak), bertako produktuak erabiltzen dituen udal sukaldea dago, ikasle eta adinduen elikadura kalitatea handitzeko... Esperientzia horren berri lastailaren 5ean ezagutu zuten Sakanako hainbat ordezkarik, Belardikoak barne. Haiengandik ikasteko zutelako, larunbatean urduñarrak lan-bilera batera gonbidatu zituzten, "norabide horretan pausuak eman nahi ditugulako". Ekoizpen jasangarria eta duina duten ustiapenak eta beste kontsumo eredu baten alde eragitea da haien helburua. Baina aurrera eraman nahi duten estrategian bidelagun gehiago nahi dituzte. Mank-en laguntzaGarapen Agentziako langile Iker Manterola larunbateko bileran izan zen, "eskualderako sektore estrategiko bat" delako. "Ez da soilik lehen sektorea. Gure paisaiaz, gure kulturaz eta beste gauza askotaz ari gara. Nekazari eta abeltzainak baitira gure paisaiaren eta gure kultur altxorraren zaindariak". Etorkizunean sektore horretan lanpostuak sortzeko aukera ikusten duten. "Ikusi dugu zer gertatu den krisialdiak sektore batean gogor jo duenean: eskualde guztia dantzan jarri dela. Ikusten genuen zabaldu beharra dagoela. Naturan gertatzen den bezala, biodibertsitatea dagoenean, bat erortzen bada ez da dena erortzen. Mantendu egiten da". Mank-eko arduradunek ikusi dute industria erabat baztertu gabe beste sektoreak indartzeko beharra.Aritz GanboaBelardiko kideaZein zaudete Belardi elkartean?Kostata, baina nekazari eta abeltzainen talde bat osatu zen joan den urtean. Taldea bi oinarriren inguruan eratu zen. Bata ekoizpen jasangarri eta duina oinarri duen eredua. Hau da, baserriaren ereduan oinarrituta dauden nekazari eta abeltzainak daude Belardin. Bestea, kontsumo ereduan eragitea da.  Baserrian oinarritutako eredu batean aurrera egin nahi dugu. Guk ezin dugu lehiatu superfizie handien espekulazio sistema horretan. Horretara joaten bagara gure ekoizpen sistema intentsifikatu eta industrializatu behar dugu. Hor batek bizi iraungo du. Gainontzekoak pikutara joanen gara. Bi ardatz dituen ibilbidea hasi nahi du Belardik. Ibarreko lehen sektorearen egoera ez da xamurra. Sakanan gaur egun nekazari eta abeltzain asko beraien burua erabaki baten aurrean topatzen dutena: edo eredu industrial batera noa eta hor lehiakorra izaten saiatzen naiz, eta buru-belarri borrokatzen dut aurrera egiteko. Edo ez. Beste eredu txikiago, estentsiboago, lurrari eta kulturari lotuago bat hartzen dut. Baina horretarako nire estrategia izan behar du sozialki, politikoki eta administrazioan eragiteko. Eta horretarako elkarren arteko lan bat egin behar dugu. Zein erronka dituzue? Joan den urtean azoka bat antolatu genuen. Aurtengo erronka zen epe motz, ertain eta luzerako plangintza estrategiko bat prestatzea da. Hor sartzen da Sakanako Garapen Agentzia. Oso garrantzitsua da. Zeren honekin esaten ari garena da zer lehen sektore nahi dugun Sakanan etorkizunean. Tokian ekoiztu, tokian kontsumitu? Kontzeptu garrantzitsu batetik etortzen da ideia: elikadura lokala da. Bi kontzeptu horiek ezin dira banatu. Banatzen direnean ehun guztia desegiten duzu eta pikutara doa guztia. Bertakoa bertan kontsumitzeak esan nahi du esan nahi du harreman zuzena dagoela lurrarekin, produkzioarekin, kontsumo sistemarekin eta etxeko elikadurarekin. Eta hori dagoenean lotura eraginkor bat lortu dezakezu. Hori izan zen azokaren helburua. Ondoriorik izan du azokak? Lortu duguna da Sakanako hainbat ekimenetan txertatzen hastea bertako produktuen ikuspegia. Xumeak dirudite, baina garrantzitsuak dira. Esaterako Mank-eko Kirol Zerbitzuak antolatzen duen proba bateko sariak bertako produktuak izatea, edo udalek auzateak egiterakoan begiratu dezatela bertan ekoizten dena. Zenbait udal interesatuak daude azokak berreskuratzen. Bertako ekoizleekin berreskuratu nahi dituzte. Asteroko azoketan leku bat izan beharko genukeela ere hitz egiten ari da. Eskaera bat dago. Ez da guk eskatu dugula, baizik eta udalek eskatu digutela. Eraldaketa horretan Belardik ekimen izatetik estrategia bat garatzera pasa nahi du. Kontsumo taldeekin harremanetan jarri zarete?Aste honetan biltzekoak gara Lugorrirekin. Helburua ez da konbentzitzea gure produktuak bertan kontsumitzea. Baizik eta ea ados gauden elikadura lokalaren ikuspegi horrekin eta bertako ekoizpen eta kontsumo ereduan emanen diren lanetan parte hartzeko prest dauden. Ibilbide horretan beraien burua ikusten duten eta zein ekarpen egin dezaketen jakin nahi dugu. Haiek soilik ekologikoa kontsumitzen dute. Belardin batzuk ohikoa ekoizpen sisteman gaude, besteak ekologikoan. Altsasuko Amai taldearen kasuan ere, berdin saskiak banatzen eta dinamika sortzen hasi dira. Baina herrietako elkarteak, festa antolatzaileek... badaukagu denok Belardiren ibilbide horretan ekarpenak egiteko modurik? Hori izanen da gure erronka. Batekin eta bestearekin hitz egin eta zein adostasun lortu ditzakegun adostu. Aurtengo egitasmorik?Apirilean eginen dugu Amalurra azoka. Eta beti egon izan diren zenbait ganadu azoka berreskuratzeko lanean ari gara. Badaude herriak hori berreskuratzea interesgarria izan daitekeela ikusten dutenak. Baina ez da soilik azoka berreskuratzea. Herri hori ere bere lehen sektorearen inguruko diagnosia egiteko gai den. Eta jakitea hemendik 30 urteetara lehen sektoreak izanen duen garrantzia: egonen den, ez den egonen, egoteko zer egin beharko den... Horretan ari gara.Zenbat kide Belardi?Dozena bat inguru. Baina ahalik eta kide gehien izatea da helburua. Kide izateko irizpideak jartzen ditugu. Belardin ez dago lehen sektorea ordezkatuta. Ekoizpen eta kontsumo eredu batean alde egiten dutenak daude. Abeltzaintza estentsiboan aritzen direnak. Zenbait kasutan, horri oso lotuta dago bertako arrazaren alde egitea, esaterako artzaintzan latxa ardia. Ez dugu derrigortzen bertako arrazen alde egitea baina bai gomendatzen dugu estentsibitatea bermatzen duen arrazen aldeko apustua egitea. Esplotazio txikiak, familiarrak izatea. Ekoizpen eredu ez industrialean oinarrituak. Enpresa gisa ibilbide bat egiteko prestutasuna izatea. Sakanan hazteko potentziala ikusten ari gara, egiten ari garen erronda honetan. Nortzuk gauden gaur egun, baina etorkizunean nor egon beharko genukeen hori da apustua.