Ezkurdiak gogor estutu zuen Irujo

Guaixe 2013ko otsailaren 18a

Binakako Txapelketan dabiltzan hiru pilotari sakandarrak lanean ikusi genituen larunbatean Irunen. Zuzenean eta telebistaz lehia jarraitu zuten zaleei pilota partida polita eskaini zieten Irujo-Zabaletak eta Ezkurdia-Zubietak. Izan ere, denetatik izan zuen lehiak. Irujo eta Zabaleta hasi ziren hobe. 18-9 aurreratzera lortu zuten iberoarrak eta etxarrendarrak. Irujo aurreko koadroetan fin zebilen eta segurtasunez beterik Zabaleta. Baina Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Aitor Zubieta etxarriarrak ez zuten amore eman eta ordutik aurrera gora egin zuten, 18-16ra hurbilduz. Izan ere atzeko koadroetan ez zen dominatzaile argirik egon eta lau pilotariak oso ongi aritu ziren, pilota izugarri astinduz eta primerako ikuskizuna eskainiz. Hortaz, borroka aurreko koadroetan erabaki zen, eta bai Irujok eta baita Ezkurdiak ere errekurtso ugari erakutsi zituzten, bai erasoan eta baita defentsan ere. Sekulako ikuskizuna eskaini zuten, 18-16 tantoan, esaterako 4 minutu baino gehiago lanean egonez. Hortik aurrera benetako lehian sartu ziren urdinak, 19-18ra gerturatu baitziren, Ezkurdiaren joko bikainari esker. Tarte horretan jokalari izarra izan zen arbizuarra Bazirudien Ezkurdiak eta Zubietak balentria egin eta partida eramateko gai izango zirela, baina Zabaleta nekearen arrastoak nabaritzen ari zela jakitun, Irujok bikotearen lana bere gain hartu eta lau tanto egitea lortu zuen, gorriak 22-18 gailenduz. Partida ikusgarrian, Irujok eta Zabaletak 8 puntu lortu zituzten, final erdietarako sailkatuz, eta Ezkurdia eta Zubieta 3 punturekin geratu dira.