Etxarrik berdindu eta Altsasuk irabazi

Guaixe 2013ko otsailaren 18a

Erregional mailan jokatutako azken jardunaldiak emaitza politak utzi ditu Sakanan. Alde batetik Etxarrik eta Amaiak bana berdindu zuten. Etxarri partida irabaztera atera zen eta 7. minutuan Aritzek Etxarri aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian gol aukera gehiago izan zituen Etxarrik, baina ez zuen asmatu. Eta, tamalez, orduan iritsi zen Amayaren gola. Hortik aurrera bi taldeak gogor saiatu ziren, baina banako berdinketarekin despeditu zen lehia. Bestalde, Altsasuk 2-0 hartu zuen menpean Lezkairu. Partida oso lehiatua izan zen, eta talde bakoitzari gol bat baliogabetu zion arbitroak. Lehen zatian gol aukera ugari izan zituzten bi taldeek, eta Altsasuko Mikelek gola sartzea lortu zuen hain juxtu 45. Minutuan. Bigarren zatian, 20. minutuan, Abelek altsasuarren bigarren gola sartu zuen eta Altsasuk garaipenari eustea lortu zuen. San Juanek jarraitzen du erregional mailako lider52 punturekin. Etxarri Aranatz 8.a da, 22 punturekin, eta Altsasu 9. Postura igo da, 20 punturekin.