Duela urte batzuk Sarabeko Jesusa Irigoien Galartzarekin egon nintzen hizketan eta hango euskara aztertzeko asmoz grabazio batzuk egin nizkion. Burundako euskarari buruzko ikerketa sakon eta burutsu bati ekin nahi nion, baina nahiko berandu ailegatu nintzen, ordurako Koldo Zuazok eta beste askok ikerketa hori ondua eta ongi egina zutelako. Hantxe gelditu ziren Sarabekoari eta Altsasuko Ageda Urrestarazuri egin nizkien grabazioak hautsa biltzen. Krisi garaiko azken urte hauek, ordea, Jesusak orduan kontatutako pasadizo batzuk etorri zaizkit burura eta, gutxienez, zuekin bat partekatu nahiko nuke eta elkarrena egin, aipatu zidan istoriotxo haren oiloa bezala sentitu izan bainaiz behin baino gehiagotan.Jesusak esan zidan bezala, oilalokei kulekera kendu behar zaie, bestela ez dute arrautzarik ematen. Horretarako bada modu eraginkor bat: uran sartzea. Bertan sartu eta berehalaxe loka joaten zaie. Baina neurrian egin behar da ariketa hau kontrako efekturik lortu nahi ez badugu.Izan ere, behin amak bidali zituen errekara loka hartu eta urean sartzeko: "Segi errekara bai, eta uran sartu oiloa eta ekarri niri". Baina gaztetxoek ez zuten aukerarik izan loka uran sartzeko ihes egin zielako eta hara non joan ziren biak haren atzetik eta harrapatu bezain laster, espartinei lokarria kendu eta egin zuten hanka lotu eta behin eta berriz oilaloka uran sartu oiloa geldi egon zedin, baina hark, temoso hutsa dirudienez, ez zuen amore eman nahi. Halako batean, Jesusa konturatu zen oiloa ez zela mugitu ere egiten: "Ai ama! Oilo hori ez da egoten zutik." Etxera ailegatu zirenean amak esan zien: "Baina, baina... zer egin diozue, ba, oilo gaixoari?" eta neskatilak: "Ez dakit ba, guk uran sartu dugu eta gero..." Oiloa ez zen mugitu inoiz ere gehiago: "Oi enee! Zulo bat egin eta pakea eman".Dirua eta bizitza bera kentzen dizkiguten ustelduek teknika bera erabiltzen dute gure kakara baretzeko eta geldi egon gaitezen. Haiek burua behin eta berriz urean sartzen digute eta oraindik arnasa hartzeko moduan gaudela ikusten badute, berriz ere sartzen digute hankak mugi ez ditzagun. Horrenbeste bainurekin eta horrenbeste urarekin, ez dakit zutik egoteko moduan luzaro egongo ote garen. Juankar Lopez-Mugartza