Errausketaren kontrako plataformak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia gobernuaren "porrot handitzat" jo duAuzitegiek Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala (NHKPI) baliorik gabe utzi ondoren, 3 Mugak Batera plataformak (3MB) eskaera zehatza egin du: porlandegiak "Nafarroako Gobernuarengandik baimen gehiago eskuratzea galaraziko duen neurriak hartzea premiazkoa da, atzerabiderik gabeko erabaki politikoen bidez Nafarroan egin daitekeen basakeriarik handiena burutu ez dadin".Plataformatik azaldu dutenez, auzitegiek planaren kontrako epaia eman eta sei egunera, Nafarroako Gobernuak FCCren zementu-fabrikaren proiektuari behin betiko onarpena eman zion. Kritiko azaldu da 3MB Esparza kontseilariarekin, helegitea aurkeztuko duela iragarri duelako, "lanean jarraitu ahal izateko" eta epaiak Portland-en egitasmoari ez diola zertan eraginen" adierazi zuelako. Hondakinen errausketaren kontra daudenek gogora ekarri dute epaitegiak aipatzen duen jurisprudentzia: "halako ondorio garrantzitsuak dituen jarduera bat burutzeko instalazioak planean zehazturik egon behar dute. Eta, inolaz ere, ezin delarik instalazio horien kokapena ekimen pribatuaren esku utzi".3MBk plataformako kideen iritziz, Nafarroako Gobernuari "epaiak ez dio axola", eta "horren gainetik berea nola egin eta sekula argitu eta justifikatu gabeko ezkutuko interesak nola aurrera atera" bilatzen ari da. "Orain litekeena da Auzitegi Gorenak ere Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia berrestea, baina ordurako, guztion artean galarazten ez badugu, Nafarroan hondakin-errausketa martxan egon daiteke; ez NHKPIk aurreikusten duen toki batean, baizik eta jasotzen dituen irizpideen arabera halakorik sekula hartu beharko lukeen toki batean baizik". Azkenik, martxoaren 16rako Altsasun deituta dagoen manifestazioan parte hartzera deitu dute.