L, L eta L

Guaixe 2013ko otsailaren 21a

Larunbatean lortu zuen Josema Leitzak finalaurrekoetarako txartela. Aurretik eskutan zituzten Lazkozek (kanporaketetan puntu gehien bildu ditu) eta Lakuntzak. Zubirin, 140 bertsozaleren aurrean, jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken-laurdenetako atzeneko saioa. Josema Leitzak eta beste 5 bertsolariek lehia estua izan zuten eta azken ariketara arte sailkapena nola geldituko zen airean egon zen. Zubirin Oskar Estanga izan zen lehen postua eskuratu zuena. Arbizuarrak bakarkako lan polita egin zuen eta 3. postua eskuratu zuen. Eskuratutako 304,5 punturekin, ozta-ozta, baina txapelketan aurrera egiteko txartela eskuratu zuen. 11 urte txapelketetatik kanpo egon ondoren, Leitza itxurako mailarekin bueltatu da. Finalaurreko bat EtxarrinAste bateko atsedena hartuko du txapelketak. Ondoren jarraitzen duten 18 bertsolariak 3 finalaurrekoetan banatuta ariko dira kantuan, sakandar bat saio bakoitzean. Final-aurre bakoitzeko lehena eta puntuazio onena duten 5 bertsolariak ariko dira Anaitasunako finalean. Aurreneko finalerdia martxoaren 2an, larunbatean, Atarrabian jokatuko da. Josema Leitzarekin batera, Julio Soto, Oskar Estanga, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea eta Iñaki Aleman izanen dira bertsotan. Hurrengo egunean, igandean, Etxarri Aranazko kultur etxean anfitrioi lanak eginen ditu Eneko Lazkozek Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes "Itturri" eta Josu Sanjurjorekin. Azkenik, martxoaren 9an, larunbatean, Elizondoko Lur aretoan Oier Lakuntza eta Migel Mari Elosegi "Luze", Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Xabi Maia eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan. www.bertsosarrerak.euSarrerak hor daude salgai. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.