Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Soldatako lanpostua edukitzearen mendekotasunarekin haustera eramango gaituzten aukerak aztertzen hasteko abiapuntutzat jo dute deialdiaSakanako Asanblada Libertarioak (SAL) bat egin du greba deialdiarekin eta mobilizazioekin bat egin du: "greba gure ibarraren etorkizunaren aldeko borrokan ageri den mugarri bat dela uste dugu eta krisialdi honen ondorioz sufritzen ari garenon arteko elkartasuna adierazteko aukera ontzat hartzen dugu". SALeko kideen iritziz "Sakanako ehun sozioekonomikoa ahula izan da beti eta enpresa handi gutxi batzuen jarduerarekiko sekulako mendekotasuna pairatu du historikoki". Kapitalismoaren krisialdietan, enpresa "gako" horiek aurrera egiteko arazoak izan dituztela eta langabezia tasak gora egin duela gogorarazi dute. "Mahairen gainean jarri den irtenbide bakarra Nafarroako Gobernuak inguruko zenbait enpresa-gizon finantzatzea izan da, haien negozioak berpiztu eta ekonomiaren gurpila berriz martxan jartzeko". Libertarioen iritziz horrek "krisialdiaren aurretik zeuden parametro eta logika berak mantentzen ditu". Pentsaera aldaketaLangabeziaren "izurriteari erantzuna emateko Sakanako gizartea administraziotik etorritako errezeta mirarigileen zain egon dela dirudi. Baina pentsaera horrek errealitatearekin talka egin du azken urteotan Nafarroako Gobernuaren utzikeriaz jabetzean". Libertarioen ustez gobernuak erakutsitako "pasibotasunak" balio izan dut sakandarrak "gure etorkizuna administrazioaren borondate eta erabaki politiko batzuen menpe uzteak dakarren arriskuaz" jabetzeko. SALeko kideek "gobernu eta enpresariekiko dauzkagun mendekotasun erlazioak hausteko bidean", garrantzi handiagoa eman diote "gure etorkizunaren jabe bilakatzeko beharrezkoak ditugun tresnak berreskuratzeari". Ibarrean pentsaera aldaketa ematen ari direla uste dute SALen: "ibar osoan hainbat autogestio eta auto-antolakuntza ekimenen haziek argi islatzen dute aldaketa hori". Biharko greba orokorra ekimen horien bozgorailu gisa erabili beharra dagoela uste dute. "Aldi berean gure bailararen etorkizuna zein modutan eraikiko dugunaren inguruko eztabaida sustatu behar da". Libertario sakandarrek uste dute ez litzatekeela onuragarria izanen mobilizazioak lanpostuak sortzeko eta mantentzeko aldarrikapen hutsa izatea, baizik eta gure beharrak asetzeko aukerak sortuko dituen eztabaida baten beharra plazaratu".