Goikoetxearen ustez Sunsundeguiren egoera "kritikoa eta konplexua" da

Guaixe 2013ko otsailaren 21a

Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari Lourdes Goikoetxeak atzo parlamentuko batzordean azaldu zuen Sodena Sunsundeguin adostutako bideragarritasun plana aztertzen ari direla. Goikoetxeak aitortu zuen Sunsundeguik Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe irauteko oso aukera txikiak dituela. "Horregatik aurkeztu zen hartzekodunen aurre konkurtsoa abenduan". Goikeotxeak azaldu zuenez, "une honetan enpresak ordainketak egiteko apenas du diruzaintzarik; 2013rako aurreikuspenak ez dira onak, erosle posibleekin izandako harremanak ondu ez direnez, 2012ko abenduan hartzekodunen aurre-konkurtsoa deitu zen. Langile eta zuzendaritzari bideragarritasun plana aurkezteko eskatu zieten ilbeltzean".Kontseilariak gaineratu zuen Altsasuko enpresak "bideragarritasun zaila duela". Pasa den urtean 193 autobus saldu zituen eta "300 bus ez badu saltzen zailtasun handiak ditu enpresak". Kudeaketan hobekuntza txiki batzuk izan dira, baina ez nahikoa. "Denek hausnartu beharko dugu enpresak injekzioen bidez bizitzea bideragarri den. Arduradun ere izan behar dugu. Baina gobernuaren laguntza behar badu, gobernuaren ekonomia egoera orain ere zailagoa da". Jakinarazi zuenez, badira zenbait bezero enpresa ixtea ez zaiela interesatzen. Haiei eskaera handia edo inbertsioak egiteko eskatu dietela argitu zuen Goikoetxeak. Gogorarazi zuenez, "inbertsoreen bilaketan Sodena eta Nafarroako Gobernua bereziki aktibo egon dira 2011ko irailetik". Enpresa eta errentagarritasun terminoetan pentsatu beharra aldarrikatu zuen. Iritzi gehiagoBilduko Bikendi Bareak eskatu zuen kontseilariaren agerraldia. Barearen iritziz ilbeltzean gertatutakoan gobernuaren aldetik "aldaketa nabarmena edo inflexio puntua izan da".  Bideragarritasun plana egiteko zuzendaritza eta langileei "ultimatuma" ematea kritikatu zuen. Hura enpresa batzordearen gehiengoaren babesik ez zuela gogorarazi zuen eta kaleratzeak egin beharrean lana banatzea aldarrikatu zuen. UPNko Koro Gainza langileek egindako apustua aitortu zuen. Langileek enpresa bideragarri egiteko ahaleginak egin behar dutela esan zuen. Gainzaren ustez, egun "negoziazio prozesu batean gaude eta bideragarritasuna aztertzen ari dira". Samuel Caro (PSN) enpresaren etorkizunaren alde egiten saiatzeko eskatu zuen. Kaleratzeak ekiditeko neurrien alde egin zuen, baina langileak kontuan izanda. Langileak eta gobernuak eskutik konponbidea bilatzen saiatzeko eskatu zuen. Langileen bat egitearen alde agertu zen. Juan Carlos Longasek (Aralar-NaBai) kontseilariari galdetu zion: " posible zen guztia egin da, finantza, kudeaketa eta gizarte kudeaketa aldetik?" Aukera guztiak aztertzeko eskatu zuen, jarduera ahalik eta baldintza onenetan salbatzeko. Aldeen arteko adostasunak eskatu zituen planak aurrera eramateko. Txema Mauleon (I-E) gobernuari ahalik esfortzu eta konpromisoa handiena eskatu zion. Bazkideak bilatzeko ahaleginak egitea edo bestelako aukera, kooperatiba esaterako. Kaleratzeak ahalik eta gutxiago izateko neurriak izatea eskatu zuen. Alde guztien arteko adostasuna bilatzea eskatu zuen. Manu Aierdiren (Geroa Bai) iritziz Sunsundeguirena kasu berezia da. "Nafarroak 30 milioi jarri dituelako eta Sakanarako enpresa eta langileendako garrantzitsua delako. Premiazkoa da enpresa bideragarri egitea". Aierdiren esanetan, "guztioi interesatzen zaigu enpresa bideragarri izatea, dirua ez galtzeko eta ibarra horrela kolpatzeko". Aierdik esan zuenez, "bideragarria izateko inbertsioak behar badira, gaia mahai gainean jarri behar da. Urgentziazkoa da enpresa bideragarri egitea". 16 langileBideragarritasun planean jasotakoa kontuan hartuta, 16 langile aurkeztu dira boluntario enpresa uzteko.