Sakanarako alternatiba eske

Guaixe 2013ko otsailaren 27a

Ibarrean "gure eredu propioa eraikitzeko" Sakanan eta Sakanarako 6 neurri zehatz aldarrikatuko dira bihar, greba orokorraren bidez. Lehenik, "ibarretik sortzen diren proiektuak babestuz, Nafarroako Gobernuari eskatuko zaio garapenerako agente aktibo eta positiboa izatea". Horrekin batera, ibarrerako "premiazko berrindustrializazio plan bat" garatzea aldarrikatu nahi dute. Plana Ibarreko erakunde, eragile, sindikatu eta Garapen Agentziarekin batera egin behar dela diote grebaren deitzaileek. Hezkuntza arloan, Altsasuko Lanbide Heziketako eskaintza zabaltzea aldarrikatuko da, "ibarraren beharrei erantzuteko". Aldi berean, gainontzeko ikastetxeetako kalitatea bermatzeko "inbertsioak eta langile kopurua bermatzea" eskatuko dute. Biharko mobilizazioaren bidez ere sakandarren osasun eta babes sozialerako eskubidea bermatzea eskatuko da. Aita Barandiaran eta Josefina Arregi zentroen kudeaketa publikoa lehenetsi eta osasun zentroetako funtzionamendua bermatzea eskatuko da. Inolako laguntzarik jasotzen ez duten langabeak baldintza duinetan bizitzeko babes sozial eta ekonomikoa bermatzeko eskaera ere zabalduko da ostegunean. Azkenik, Sakanan lan erreforma ez aplikatzea eta negoziazio kolektiboaren bitartez lana eta aberastasuna birbanatzea beharrezko jo dute deitzaileek. Horregatik guztiagatik, otsailaren 28an "Sakanan erantzun zabal  eta indartsu bat ematea urgentziazko beharra" dagoela uste dute greba orokorra deitu dutenek. Sakana ez da ixten! UPN gure etorkizuna lapurtzen! leloa du deialdiak. Zergatiak "Sakanak azken hamarkadan utzikeria nabarmena bizi izan du eta eskualdean egon den inbertsio faltak eta ehun industrial zaharkitu batek krisiari ezin izan dio aurre egin". Hala azaldu digu grebara deitu duen sindikatuetako bateko, LABeko, Gaizka Uhartek. Bere eta deitzaileen ustez, ibarraren egoera "ez da gaurkoa eta krisiak  agerian utzi du  gure eskualdeak zituen ahuleziak". Deslokalizazioek, ehun industrial zaharkitu batek eta Sakanan egon den inbertsio faltak ezin izan diote aurre egin krisiak ekarri duen enplegu suntsiketari.Uhartek gogora ekarri du Sakanako Enpresarien Elkarteak 2005ean azaldutakoa: langabeziak %10 igo zen, etorkizunak zalantzak sortzen zituen enpresa handien %30ean eta 2010erako 500 langabe gehiago espero zituztela. "Testuinguru horretan Sakanako eragile sozial eta sindikalek, enpresaburuek eta instituzioek arrisku horiei aurre egiteko Nafarroako Gobernuari inplikazioa exijitu genion. 2005etik behin eta berriz  aldarrikatu da Sakanan apustua eta inbertsioak beharrezkoak direla". Biharko mobilizazioen deitzaileen iritziz UPNk ibarra industria eredutik zerbitzu eta logistika eredu batera pasatu nahi izan du. "Sakanan ez da apusturik egin, ez da I+D-an inbertitu eta enpresen irabaziak ez dira erabili enpresen produktua hobetzeko. Enpresen irabaziak, enpresarien poltsikoetara joan dira soilik, eta sektore publikoak ere ez du Sakanan enpleguaren aldeko apusturik egin". Guztiagatik, ibarrak bizi duen egoera "UPNk  hartutako erabakien ondorioa da". 28ko greba orokorra deitu dutenek gogora ekarri dute 2010ean 2 orduko lanuztea egin zela ibarraren egoera salatzeko. "2000 lagun atera zituen kalera. Mobilizazio honek aukera berriak ekarri zituen eta lehenengo aldiz Sakanako eragile sozial, sindikal, politikoen eta enpresaburuen adostasuna lortu genuen". Nafarroako Gobernuak ibarreko gehiengoaren aldarrikapenei "muzin" egin ziela gogora ekarri dute. Horregatik, aldarrikapenak Iruñera eramanen dituzte. Eta, bide batez, Nafarroan beste enplegu politika lortzeko, aldaketa politiko soziala bulkatzea deitu dute greba deitu duten eragileek. LangabeziaHerria             2008    2013  Altsasu             299    948Arakil                 37      87Arbizu                49      77Arruazu               3       4Bakaiku               7     19Ergoiena             7     16Etxarri Aranatz  65   213Irañeta                3       8Irurtzun              94   201Iturmendi           10     18Lakuntza            32   106Olatzagutia         53   144Uharte Arakil      21    72Urdiain               15    33Ziordia               13    26Sakana            708    1.971Langabetuak sektorekaSektorea    2008    2013  Industria    189    661Zerbitzuak    393    1.01128ko mobilizazioak 5:30ean Herri piketea Altsasuko foru plazatik. 9:00etan Manifestazioak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian. 12:00etan Martxa, Iruñeko Antoniuttitik Nafarroako Parlamentura eta parlamentu aurrean kontzentrazioa. 18:00etan Eskualdeko manifestazioa Altsasun. Orain arteko atxikimenduak (bilerak egitekoak dira eta gehiago aurreikusten dira):Sindikatuak: LAB, EHNE, STEE-EILAS, ESK. Gizarte eragileak: Askapena, Bilgune Feminista, Altsasuko Feministak, Ikasle Abertzaleak, Sakanako Gazte ZukGua prozesuko gazteak, Arbizuko gazte asanblada, Bakaikuko gazte asanblada, Iturmendiko gazte asanblada,  Ziordiko Gazte Asanblada, Altsasuko gazte asanblada, LH eta Institutuko langileen ordezkariak, Langabetuen Batzarra, Abian, Osasungintzako eta Zerbitzu Sozialetako langileen ordezkariak, Pentsionistak Martxan eta Sasoiak. Alderdi politikoak: ezker abertzalea, Geroa Bai, Bildu, Aralar, Altsasuko PSN eta IU. Erakundeak: Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu eta Olatzagutiko udalak. Enpresa batzordeak eta langile ordezkariak: GH Guemma Manutención, Aceros Moldeados, Sunsundegui, Viscofan, Panificadora Amaya, Granjas Dos Hermanas, Piensos Artoa, Prosimed, Electricidad Ramos, Saprem, Tapicerias del Car. Irakaskuntza eta Sektore Publikoko delegatu eta enpresa komiteak: IES San Miguel II, Ikastolak,  Sakanako Mankomunitatea, Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxea eta Altsasuko Musika Eskola. Ikuspegi feministaAltsasuko Feministak eta Bilgune Feminista erakundeek ziurtatu dutenez, "egoera ekonomikoa positiboa nahiz negatiboa izan, emakumeon baldintzak kapitalismo patriarkalaren interesetara baldintzatuta daude beti". Gogorarazi dute emakumeek historian zehar lan munduan egon diren eta dauden beharretara egokitu behar izan dutela. " Lan duin eta egonkor baten alde borrokatu izanak aurrerapausoak ekarri dituen arren, momentu hauetan arriskuan daude".Ukatu egin dute gaur egun emakumezkoek gizonezkoek bezain bat edo enplegu gehiago dutenik. Bi erakunde feministek emakumezkoen lan baldintzei erreparatzeko eskatu dute. " Manipulaziorik, gezurrik eta soldata diskriminaziorik gabeko lanpostu duin eta egonkor baten alde borrokatzen jarraitu behar dugu". Horregatik, osteguneko greba deialdiarekin bat egin dute bi erakunde feministek. Pentsionistak Martxan Elkarteak greba orokorrarekin bat egitera dei egiten die pentsiodunei eta adinekoei, "Sakanako enplegu eta etorkizunaren alde" egin dezaten; "gure herrietan bizitzea gero eta zailagoa baita". Adineko eta pentsiodunen kezkak zerrendatu dituzte: pentsioen murrizketak, dependentziarako laguntzak kentzea, botikengatik ordaindu beharra, langabezian gelditu diren senideei babes ekonomikoa eman behar izatea... Aparteko kezka sortzen die gazteen laneko etorkizuna: "ez dira pentsioak eta zerbitzu publiko duinak izanen, enplegu duinik gabe". Nafarroako Gobernuari konpromisoak eta errekurtsoak  ateratzeko mobilizatzera deitu dute.